'Loreak' filmeko protagonistak izan dira sagardo berria dastatzen lehenak
Txotx denboraldiaren irekiera ofiziala egin dute Itziar Ituño, Nagore Aranburu eta Itziar Aizpuru aktoreek, Astigarragako Bereziartua sagardotegian.
Abian da 2015eko txotx denboraldia. Loreak filmeko hiru aktore nagusiek egin dute urteko lehen txotx ofiziala, “hau da aurtengo sagardo berria” esaldi ezaguna bota ostean. Pozik eta hunkituta agertu dira Itziar Ituño, Nagore Aranburu eta Itziar Aizpuru Astigarragako Bereziartua sagardotegian, eta lehenengoak malkoren bat ere lehortu behar izan du. Pelikulako zuzendari Jon Garaño eta Joxemari Goenaga donostiarrak ere ekitaldian egon dira, irribarrea ahoan zutela. “Aipatu dira badirela 22 urte txotx irekiera egiten dela, baina gonbidatu gehienak gizonak izan dira. Bazan garaia lore sorta bat jartzeko, batzuk pixka bat ximelagoak gauden arren”, aipatu du Aizpuruk barre artean.
Astigarragako kultur etxean bildu dira gaurko protagonista guztiak, eguerdian, ekitaldiari hasiera emateko. Bertan, aurtengo sagardoaren nondik norakoak eman ditu Joxe Angel Goñi Sagarduneko presidenteak: “Sagardo edan erraza da, aromatikoa, txinpartatsua, iazkoa baino leunagoa, eta edan ostean ahoan sentipen oso ona uzten duena”. Aktoreei dagokienean, hiruek onartu dute sagardozaleak direla, eta bakoitzak bere esperientziaren berri eman du. Ituñori euskaltegikoekin egindako bazkariak etorri zaizkio gogora: “Euskaldun berria naiz eta sagardoak asko lagundu dit mingaina askatzen eta lotsa galtzen. Orain, euskarari eta zineari esker itzuli naiz txotx egitera”. Aizpuruk, bere aldetik, sagardoa gogoko duen arren, sekula ez dela sagardotegi batean egon onartu du: “Espero dezagun Loreaken arrakasta berdina edo gehiago izatea aurtengo sagardoak”. Aranburuk sagardoa egiteko moduan Loreak egiteko ere talde-lana oso garrantzitsua izan dela azpimarratu du; eta izugarri eskertu du txotx denboraldia irekitzeko aukera izatea guztien partez: “Joxemari eta Jon zuzendariek pelikula gaur egingo balute, Loreak ordez Sagarrak izango litzateke, eta desiatzen nago aurtengo sagardoa dastatzeko”.
Maialen Lujanbio eta Amets Arzallus arduratu dira txotx irekierari bertsoak jartzeaz, eta Arizkungo sagar dantza egin dute hainbat dantzarik, sagardotegira sartu aurretik, berritasun moduan.