Araoz Gaztetxo abesbatzak eta Easo eskolaniak Antzinako Donostiako martxa kantatuko dute Konstituzio plazan
Oholtza gainean izango dira banderaren igoeran eta jaitsieran; Easo Abesbatzaren 75. urtemuga dela gonbidatu dituzte abestera.
Haur danborrada aurkeztu dute Viktoria Eugenian, eta alkateak dominak eta aginte makilak eman dizkie pertsonaia nagusiei.
Prest daude jada, eta gogotsu gainera, asteartean izango da-eta beraien egun handia. 43 ikastetxetako 50 konpainia irtengo dira kalera urtarrilaren 20an, haur danborradan parte hartzeko. Gaur Viktoria Eugenian haur danborradaren aurkezpena egin dute, eta bertan bildu dira danborraden ordezkari guztiak. Jada aginte makilak eta dominak eskuratu dituzte pertsonaia nagusiek, Juan Karlos Izagirre alkateak eman baitizkie gaurko ekitaldian. Arantzazuko Ama ikastolako Oihane Bolado danbor nagusia eta La Anunciata ikastetxeko Julen Santano jenerala eta Olatz Cortes Easo Ederra izango dira protagonistak haur danborradan.
Magia, umorea, musika, kantak… Haurrek ez dute aspertzeko tarterik izan aurkezpen ekitaldian. Elbi sabelhiztuna hasi da girotzen festa, bere panpinekin umore ikuskizun bat eskainita. Realeko emakumeen futbol taldeko Cristina Cornejo, Aintzane Encinas eta Ainhoa Vicente ere igo dira oholtza gainera, eta baloi batzuk oparitu dizkiete.
2.216 metroko ibilbidea egingo dute haurrek eta proba gogorra izango dela ohartarazi diete haurrei. Orduan agertu da oholtza gainean Julian Iantzi telebista aurkezlea, eta El conquistador del fin del mundo saioko lehiakideei bezala, haurrei ere erronka bota die. Eserlekuetan eserita zeuden haurren artean bikote batzuk aukeratu, eta zenbait proba jarri dizkie.
Ekitaldia Donostiako Antzinako martxarekin hasi da. Gero Axular dantza taldeak eta Easo abesbatzako Easo eskolania eta Araoz Gazte Gaztetxok interpretatu dute. Bi azken hauek San Sebastian egunean protagonista handiak izango dira, banderaren igoeran eta jaitsieran izango baitira oholtza gainean. Gaurkoa entsegu modukoa izan da, astelehen gauerdian eta astearte gauerdian Konstituzio plazan abestuko dute eta. Easo Abesbatzaren haur abesbatzak dira biak ala biak, eta koruaren 75. urtemugaren harira gonbidatu dituzte danborradaren ekitaldi nagusietara.