Itziar Zamora, Juan Rivera, Idurre Burgaña, Juan Karlos Izagirre alkatea, Juan Jose Ocon, Ana Gortadi eta Maria Jesus Bragado. (Argazkia: Aritz Sorzabal)
San Sebastian egunaren atarian, urtero legez, Hiritar Merezimenduaren Dominak banatu dituzte udaletxean. Udalbatzarren aretoa txiki geratu da berriro, eta elkartasunak, musikak eta kantuak merezitako omenaldia jaso dute. Hain zuzen ere, Kantu Jira, Juan Jose Ocon, Txiki-Txoko, Goienetxe Fundazioa eta Maria Jesus Bragradori eman dizkiete aurtengo sariak, eta une hunkigarriak bizi izan dira. Kantu Jirako ordezkariek hitza hartu baino lehen, esaterako, herritar talde batek hartu du aretoa kantari, eta Kantu Jiraren espiritua udaletxera eraman du. “Denak dira Kantu Jira”, esan du taldeko ordezkari Itziar Zamorak. Joserra Belokik ere hitz batzuk esan ditu, eta hamabi urtean 143 kantu jira egin eta 2.000 bat lagun mobilizatu dituztela jakinarazi du.
Juan Jose Ocon musikariari saria eman diotenean ere kantua izan da protagonista. Lagun talde batek abestu dio, udalbatzarren aretoko goiko eserlekuetatik. “Ez dakit Donostiari asko eman diodan, baina argi dagoena da donostiarrek asko eman didatela niri”, esan du.
Elkartasunak leku garrantzitsua izan du ekitaldian. Gurutze Gorriak babestutako Txiki Txokok ere jaso du hiriaren aitortza, Ana Gortadiren eskutik. Hamalau urte daramatzate egitasmoarekin, Euskal Herritik kanpotik datozenen senideen seme-alabei zerbitzu bat eskaintzeko helburuarekin. Goienetxe Fundazioak ere jaso du domina. Elkartearen izenean, Juan Riverak eta Idurre Burgañak jaso dute. Urritasun intelektuala dutenekin egiten du lan fundazioak, “lehen mailako herritarrak” izan daitezen, Rivera beraren hitzetan. Maria Jesus Bragado ere omendu dute. 1989. urtean iritsi zen Donostiara, eta orduz geroztik emakumeei eskolak ematen dizkie Altzan eta Intxaurrondon. “Hezkuntza bereizkeriaren kontra borrokatzeko bide onena da”, adierazi du, eta ordezkatzen duen proiektua bere “ametsetako eskola” dela esan du: “Ikasleak nahi dutelako etortzen dira. Askatasun gune bat da”, erantsi du.