Yolanda Gonzalezi buruzko dokumentala emango dute Donostian
http://youtu.be/x00u3VYhnEs
‘Yolanda en el país de lxs estudiantes’ filma emango dute Rekalde tabernan, larunbatean 17:00etan; Isabel Rodriguez zuzendaria ere proiekzioan izango da.
Hilaren 29an, osteguna, Lugaritz kultur etxean emango dute, 18:30ean.
1980ko otsailaren 1ean eskuin muturreko pertsona batzuek Yolanda Gonzalez bahitu eta tiroz hil zuten. Bilboko Deustua auzokoa zen Gonzalez. Langileen Alderdi Sozialistako (PST) militantea zen. Madrilen bizi izan zen azken urtean, eta han ari zen ikasketak egiten. Ikasleen Sindikatuko militante aktiboa ere bazen. Ikasleen bilera batetik etxera joan zenean bahitu zuten, eta tiroz hil.
Bost pertsonako talde batek kendu zion bizia, eta kide guztien izenak oraindik ezagutzen ez diren arren, Emilio Hellin jotzen dute taldeko burutzat. Epaitu, eta 43 urteko espetxe zigorra jarri zioten. Hamalau bete zituen, eta tartean bi aldiz ihes egin zuen, senideen ustez estatuko aparatuen laguntzarekin. Duela gutxi jakin zen Guardia Zibilarekin lan egin duela. Espainiako Poliziarekin ere bai. Ertzaintzari zein Kataluniako mossoei ikastaroak eman dizkiela, Madrilgo udaltzainak prestatu dituela eta Espainiako auzitegientzat peritu gisa aritu dela, aditu gisa.
Yolanda Gonzalezi buruzko dokumentala duela bi urte aurkeztu zuten Bilboko Zinebi jaialdian. Isabel Rodriguezek zuzendu du, eta crowdfunding bidez lana euskaraz azpidaztea lortu du. Bere helburua Yolanda Gonzalezen memoria berreskuratzea eta gertatutakoa ez ahaztea da. Hainbat emanaldi egin dituzte filma zabaldu ahal izateko. Aldamar kaleko Rekalde tabernan emango dute larunbatean, hilaren 24an, 17:00etan.
Ostegunean, hilaren 29an, Antiguan beste proiekzio bat egingo dute. Lugaritz kultur etxean, 18:30ean, emanaldi bat egingo dute.