Pedro Subijana saria jasotzen, alkatearen eskutik. (Argazkia: Ane Urrutikoetxea)
Pedro Subijana sukaldariak ez du gaurko eguna ahaztuko. Urrezko Danborra jaso du udalbatzarren aretoan, San Sebastian egunean. Lagun ugari izan ditu inguruan, sukaldari handiak eta Iñaki Gabilondo kazetaria eta Urrezko Danbor izandakoa, tartean, eguna bereziagoa izateko. Hori gutxi balitz, Ainhoa Arteta sopranoak San Sebastian martxa kantatu dio, saria jasotzear zenean.
Hiritar Merezimenduaren Dominekin atzo gertatu bezala, aretoa txiki geratu da, eta ekitaldia festa giroan egin dute. “Gehiago ezin da lan egin. Urtero, San Sebastian egunean lan egin izan duzu. Sari hau eman behar izan dizute, zure lanetik ateratzeko”, esan du Gabilondok, Subijanari zuzenduta. Sukaldari lagunek, bere aldetik, kantu bat eta bertsoak eskaini dizkiote. Karlos Argiñanok txiste bat kontatzeko tartea ere izan du.
Juan Karlos Izagirre alkateak ere hitz egin du, eta garaikurra “Donostia are eta ospetsuagoa” egiten dutenei ematen zaiela adierazi du. “Zaila da Subijanaren kurrikuluma baino hobeagorik aurkitzea”, esan du. “Gastronomia baino gehiago saritzen da gaur, berrikuntza eta ikerkuntza ere, eta Subijanak bere alea jarri du horretan”, erantsi du.
Sukaldariak asko eskertu ditu agintariaren eta bere lagunen hitzak. Pepe Dioni izan du gogoan, baita ostalaritza sektore guztia eta Luis Irizar ere. “40 urte daramazkit Akelarre jatetxean, baina lan taldean badago pertsona bat denbora gehiago daramatzana: Felix. Eskerrak ematen dizkiot berari eta lan taldeari”, esan du. “Akelarren nago, eta han jarraituko dut. Ez nauzue erretiratuko”, erantsi du.
Subijanari Urrezko Danborra emateko arrazoien artean, Basque Culinary Centerren sortzaileen artean dagoela izan da. Era berean, Akelarre bere jatetxeak hiru Michelin Izar ditu. Hain zuzen ere, Zarautz –Luis Irizarren eskolan– eta Madrilgo ostalari eskoletan jaso zuen gastronomia arloko hezkuntza Subijanak, eta, 1975an, Igeldoko Akelarre jatetxearen buru jarri zen.
Ainhoa Arteta, San Sebastian martxa abesten. (Argazkia: Ane Urrutikoetxea)