‘Barealdi Magikoa’ izeneko antzezlana eskainiko du konpainia donostiarrak, Viktoria Eugenia Antzokian.

‘Barealdi magikoa’ antzezlaneko aktoreetako batzuk, Viktoria Eugenia Antzokian. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Alfredo Sanzolen zuzendaritzapean iritsiko da oraingoan Tanttaka Teatroa Viktoria Eugeniara.
Barealdi Magikoa antzezlana eskainiko du antzokian, lau egunez, horietako bitan euskaraz eta beste bitan gazteleraz,
La calma magica izenarekin. Zuzendariaren hitzetan, errealitatea, haluzinazioa eta ametsak nahasten ditu istorioak, eta ikusleek barre egiteko aukera izango dute. “Ez dakizu gertatzen ari dena egia den, ametsa den edo zer gertatzen ari den, baina ez dio axola. Errealitatean irudimenak duen garrantzia azpimarratzen du obrak”, aipatu du Sanzolek. “Nire aitari eskainitako komedia bat da, bere heriotzean opa diodana baita, abenturak bizi ditzala”, gehitu du zuzendariak.
Bi aktore talderekin lanean aritu da Sanzol obra prestatzeko, pertsonaia nagusiak aktore desberdinek antzezten baitituzte bertsio bakoitzean. “Goizetan euskaraz entseatzen genuen, eta arratsaldeetan gazteleraz, beraz, erabakitako aldaketen berri eman behar genien aktoreei saio bakoitzean. Antzezlan bera bi aldiz prestatzea oso aberasgarria izan da”, azaldu du Sanzolek. Gainera, Madrilen estreinatu zuten antzezlana, bai gazteleraz eta bai euskaraz ere; hala, protagonistek aipatutakoaren arabera, oso kritika onak jaso dituzte eta publikoaren erantzuna oso ona izan zen.
Oliver da antzezlaneko protagonista, bizimodua aldatu nahi duen pertsonaia. Lan-elkarrizketa batean, bere nagusi izango denak onddo haluzinogeno batzuk eskainiko dizkio, eta hortik aurrera nahasmena hasiko da. Ordenagailuaren aurrean lo geldituko Oliver, eta bezero batek eskuko telefonoarekin burukadak ematen grabatuko du, eta haserretu egingo dira.
Euskaraz, ostegunean eta larunbatean
Tanttakaren antzezlan berriena ostegunetik igandera izango da Donostian; ostegunean eta larunbatean euskaraz, eta ostiralean eta igandean gazteleraz. Euskarazko bertsioa Harkaitz Canok moldatu du, eta Mireia Gabilondok aipatu du oso pozik geratu direla emaitzarekin. Honako aktoreek osatuko dute euskarazko bertsioa: Mireia Gabilondo (abokatua), Aitziber Garmendia (Olivia), Jose Kruz Gurrutxaga (Oliver), Itziar Ituño (Olga), eta Martxelo Rubio (Martin). Gaztelerazko antzezlanean, berriz, honakoak arituko dira: , Sandra Ferrus (Olivia), Mireia Gabilondo (Olga), Aitziber Garmendia (abokatua), Aitor Mazo (Martin) eta Iñaki Rikarte (Oliver).
Emanaldi guztietarako sarrerak salgai daude dagoeneko,
Donostia Kulturaren webgunearen bidez, 10, 15 eta 18 eurotan.