Eusko Jaurlaritzaren dirulaguntza kopurua nahikoa ez dela salatu du Udal Gobernuak

Ekaina aldera dirulaguntzak agortuko direla salatu du Gizare Ongizateko zinegotzi Jon Albizuk. (Argazkia: Ane Urrutikoetxea)

Ekaina aldera dirulaguntzak agortuko direla salatu du Gizare Ongizateko zinegotzi Jon Albizuk. (Argazkia: Ane Urrutikoetxea)

Udalak 848 mila euro bideratuko ditu aurten egoera ekonomiko ahulenean daudenentzat, eta laguntza kopurua laukoiztu du azken lau urteetan. Donostiako udalak 848 mila euro bideratuko ditu aurten egoera ekonomiko ahulenean dauden pertsonei laguntzeko, iaz baino 100 mila euro inguru gehiago. Hala, dirulaguntza kopurua laukoiztu egin du udalak azken lau urteetan. Horrekin batera, Iazko datuak eman ditu Gizarte Ongizateko zinegotzi Jon Albizuk; 2014an 676 lagunek jaso zituzten laguntza horiek, 2013an baino 100 gehiago. Albizuk azaldu duenez, udalak bigarren ekarpen bat egiten du urtero Gizarte Larrialdiko Laguntzen eskaera betetzeko helburuarekin. Horrela, iaz 943.230 euro bideratu zituzten laguntza horietara. Zinegotziaren esanetan, Eusko Jaurlaritzaren eskumena dira laguntza horiek, eta ez du ekarpen nahikoa egiten: “Eusko Jaurlaritzaren laguntza kopurua eskas gelditzen da, eta urtero, ekaina aldera, agortu egiten dira laguntza horiek. Udalak kopuru orokorraren %41 jartzen du, falta diren laguntzen zama bere gain hartuta”. Urte hasieratik PSE-EE eta EAJ gabezia hori ezagutzen dutela salatu du Albizuk: “Gizarte Larrialdiko Laguntzen kopurua guztira 2.263.802koa izan zen iaz, eta ez zen nahikoa izan; alderdiek ezagutzen dute gabezia hori”. Bestalde, udalak 227.561 euro bideratu zituen iaz beharra dutenei ura eta zabor zergak ordaintzen laguntzeko. Laguntzak banan-banan aztertzen direla gogoratu du Albizuk: “Etxebizitzaren gastuei aurre egiteko erabiltzen dira nagusiki laguntza horiek, eta gainontzekoak batez ere janari, osasun, garraio, hezkuntza eta behar juridikoak betetzeko bideratzen dira. Arrisku egoeran dauden pertsonek jasotzen dituzte laguntzak”.
HITZAkide HITZAkide