
Festa “bakean” egin dela azpimarratu du Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateak. (Argazkia: Ane Urrutikoetxea)
Donostiako alkate Juan Karlos Izagirrek hiritarrak zoriondu ditu festa “giro onean” eta “inolako ezbeharrik gabe” ospatu delako.
San Sebastian egun perfektua izan zen atzokoa Donostiako Udal Gobernuarentzat. Eguraldiak eta hiritarren parte hartzeaj lagunduta, festa inolako ezbeharrik gabe egin zela azpimarratu du Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateak, eta balorazio oso positiboa egin du: “Egun biribila izan zen atzokoa. Programatutako ekitaldi guztiak bete ziren, eta ez zen inolako ezbehar edo gertakaririk gertatu; festa bakean ospatu zen, eta iaz baina parte hartze handiagoa izan da”.
Alkateak haur danborradaren arrakasta aipatu du, 25.000 lagun inguru gerturatu baitziren ikastoletako danborrariak ikustera: “Zorionez, aurten eguraldia lagun izan dugu, eta talde guztiek ateratzeko aukera izan dute arazorik gabe”. Horrekin batera, San Sebastian eguna aurretik egindako ekitaldiak gogoan izan ditu: “Ezin ditugu ahaztu 16an Viktoria Eugenian danborrada aurkezteko ekitaldia, igandean txistulariek Usandizagari egindako omenaldia, asteburuko ekitaldiak eta bezperako dominen banaketa. Oso hunkigarria izan zen ere lehen gaua, Gaztelubidek danborradetako 87 ordezkariak eta Easo abesbatzak eskainitako ikuskizunarekin. Gainera, benetan berezia izan zen Jatorra danborradari egindako keinua, adineko jendeari omenaldia eginez”.
Urrezko danborra ere gogoan izan du Izagirrek, eta Pedro Subijana sukaldaria goraipatu du: “Luxuzko urrezko danborra izan dugu aurten, eta Subijanaren jarrera azpimarratu nahi dut. Gainera Ainhoa Artetaren sorpresa hunkigarriak eta Iñaki Gabilondo bezalako goi mailako donostiarraren hitzek ekitaldi polita osatu zuten”. Hain zuzen ere, bandera jasotzen lagundu zuen Subijanak, eta parte hartzeagatik eskerrak eman dizkio alkateak.
Autobus eta garbiketa zerbitzuak, arazorik gabe
San Sebastian eguna gauzatzen lagundu duten zerbitzuetako langileak zoriondu eta eskerrak eman dizkie Izagirrek, guztia adostutakoaren arabera bete dela azpimarratuz: “Garbiketa zerbitzuak primeran bete du bere lana, eta gaur goizean erabateko normaltasunean esnatu da Parte Zaharra. Horrekin batera, autobus zerbitzuak arazorik gabe funtzionatu du”. Hain zuzen ere, 19an 105 mila lagunek erabili zuten autobusa, 20an 50 milak eta gautxoriak 11 mila lagun inguruk erabili zituzten.
Konstituzio plazako pankartak, eztabaidagai
Udal Gobernuarentzat eguna biribila izan arren, PSE-EEko zinegotzi Enrique Ramosek Konstituzio plazako pankartak gehiegizkoak zirela adierazi du: “Eguna orokorrean oso ondo joan zen, baina batzuek espazio publikoak monopolizatu zituzten pankartekin. Tamaina handiegia zuten, eta askotan irudiak hartzea galarazi zuten. Gure ustez, bada garaia horrekin amaitzeko”.
Alkatearen hitzetan, errespetuz jokatu zuten guztiek: “Ulertu dezaket pankarta horiek denen gustokoak ez izatea, baina argi dago errespetua nagusitu zela une guztietan. Udal Gobernuak aurretik hitz egin zuen udaltzainekin, gai horrekin ezbeharrik gertatu ez zedin. Gure ustez, azpimarratu behar da festa erabateko bake giroan ospatu zela”.