VI. Sudur Krosa prestatzen hasi dira jada
Auzoko herri lasterketa apirilaren 18an (larunbata) egingo dute, Egiako parkean parkean barrena.
Sudurzaleek 6 kilometrotako ohiko ibilbideari bi itzuli eman beharko dizkiote. Korrikalari guztiek, parte hartzeagatik, bi opari jasoko dituzte. Izen ematea zabalik dago jada, www.herrikrossa.com webgunean. Martxotik aurrera, Laister eta U51 kirol denda eta Egiako Kata tabernan izena emateko aukera izango da ere. Aldez aurretik izena emanez gero, 6,50 euro ordaindu beharko dira; egunean bertan, 9,50 euro. Bigarren aldiz, mozorro lehiaketa antolatu dute, eta mozorrorik hoberena jantzita duen korrikalari edo kuadrilak, saria jasoko du. Lasterketa amaitzerakoan, Egiako Martin Santos plazan sari banaketa eta luntx oparoa izango dute zai korrikalariek, baita afari, kirol material eta beste hainbat gauza desberdinen zozketan parte hartu ere. Iaz 230 korrikalarik parte hartu zuten herri lasterketa honetan.
Sudur Txiki lasterketa
Haurrentzako lasterketaren hirugarren ekitaldia egingo dute. Antolatzaileak oso pozik daude lasterketa honek duen harrerarekin, iaz 350 haurrek parte hartu baitzuten. Lasterketa honen helburu nagusia, haurrak eta kirola lotzea da, lehia alde batera utzita, guztiak garaile bilakatzen direlarik. Partaide guztiek opari sorta berdina jasoko dute helmugaratzerakoan. 0 eta 12 urte bitartean dituzten haurrentzat zuzenduta dago lasterketa. Hainbat lasterketa antolatuko dira haurren adinen arabera. Taldeak hauek izango dira: 0 eta 2 urte, 3 eta 5 urte, 6 eta 9 urte eta 10 eta 12 urte. Izen emateak martxoan zabalduko dira. Prezioak merkeak izango dira, “krisi garai hauetara egokituta”.

