Donostiako Piratek eskainiko dituzte ikastaroak. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Egiako Txondorra kultur gune autogestionatuan egingo dute lehen tailerra, debalde.
Oraindik Aste Nagusirako hilabeteak falta diren arren, Donostiako Piratak lanean hasi dira dagoeneko. Urtez urte antolakuntzan hobetzeko helburuarekin, hainbat formakuntza saio eskainiko dituzte hil honetan hasi eta maiatzera bitartean.
Egiako Txondorra kultur gune autogestionatuan egingo dute lehen tailerra, etzi, larunbata, 10:00tatik 13:30tara. Argazkiak ateratzen eta lantzen trebatu nahi dutenetzat bideratuta dago Argazkigintzarako Hastapena tailerra, eta hasiberrientzat tekniken gaineko formakuntza eskainiko dute. Hala, ikastaroaren helburua bakoitzak duen kamerari ahalik eta etekin handiena ateratzen ikastea izango da. Konposizio eta oreka gomendioak eskainiko dituzte, ikuspuntuak, anguloak eta enfokea erabiltzeko moduak azalduz, beti ere, teknikoki gehiegi konplikatu gabe.
Komunikazioa helburu
Horrela, tailer horien bitartez aholkuak eskainiko dizkiete kofradia, pirata, elkarte eta norbanakoei. Hasiera batean tailerrak kofradiei zuzenduta egon arren, ikus-entzuteko gaietan eta komunikazioan trebatzeko interesa duten guztiei irekita egongo dira tailerrak, eta doakoak izango dira.
Argazkigintza tailerrarekin batera, edizioa, bideogintza, soinu ekipoak, kartelgintza, sare sozialak, kale mailako komunikazio teknikak eta webguneak kudeatzeko ikastaroak egingo dituzte datozten hilabeteetan. Txondorra kultur gunearekin batera, Guardetxeko BandaBat eta Piztu.info kolektiboekin elkarlanean antolatu dituzte tailerrak.