Donostiako Udalak haurrak euskaraz matrikulatzeko deia egin die gurasoei
Nerea Txapartegi Udal Gobernuko Euskara arduradunak adierazi du, haurrak elebidunak izan daitezen aukera onena euskarazko ereduan ikastea dela: “Otsailaren 2an hasiko da matrikulazio kanpaina eta, beste urte batez, datorren ikasturtera begira seme alabak zein hizkuntza eredutan matrikulatuko dituzten erabakitzeko unea dute gurasoek, zentzu horretan, euskaraz matrikulatzeko deia egiten diegu, horixe baita elebitasunik orekatuena bermatzen duena”. Matrikulazio epea otsailaren 13ra arte egongo da zabalik.
Euskara Zerbitzuak euskara jakiteak seme-alabentzat duen garrantziaz eta hortaz euskarazko eredua hautatzearen garrantziaz ohartarazi nahi izan ditu gurasoak. Horrela mezu hau helarazi nahi izan die gutun baten bitartez aurten lehen aldiz beren seme-alabak matrikulatuko dituzten 1.600 gurasoei. Gutunarekin batera, ‘neurgailu’ erakargarri bat banatuko da haurren artean. Txapartegiren esanetan, “hiriaren egoera soziolinguistikoa kontuan harturik, egin diren ikerketek eta orain arteko esperientziak erakutsi dute D ereduak bermatzen duela elebitasunik orekatuena”. Txapartegik, hala ere, ohartarazi du gaur gaurkoz ez dagoela osotasunean euskalduntzen duen eredurik, eta bide horretan ikasle euskaldun eleanitzak heziko dituen eredua aldarrikatu du: “Euskal Herri osoan euskara ofiziala ez den honetan, matrikulazioak gure hizkuntzaren etorkizunaren aldeko urratsa izatea lortu behar dugu eta bide luzea dugu oraindik egiteko euskalduntzen duen eredu bakarraren alde”. D ereduaren hazkunde etengabea Donostian Donostian hamar ikasletatik ia bederatzi D ereduan matrikulatzen da eskolan hasten denean. Nerea Txapartegik nabarmendu du urtetik urtera gora egiten duela eredu horretan matrikulatzen diren haurren kopuruak: “Hiru urtean 7 puntuko igoera izan du eredu horrek hirian eta urtebetean 4,24 puntu 3 urteko haurren matrikulazioan, beraz, agerian da gero eta guraso gehiagok hartzen duela D ereduaren aldeko erabakia haur hezkuntzaren hasieran (2-3 urte)”. Donostian 3 urteko haurrentzat eskaintza egiten duten 19 ikastetxe publiko eta 26 ikastetxe pribatu edo hitzarmendunetan D ereduaren aldeko bilakaera etengabea da eta hori agerian geratzen da azken urteetako datuei erreparatuz gero. Datuok agerian uzten dute gurasoek Donostian D ereduaren alde egiten dutela eta beraien seme-alabek hizkuntza bat baino gehiago jakitea nahi dutela. Nerea Txapartegi Euskara arduradunaren esanetan haur baten lehen urteak oso garrantzitsuak dira hizkuntza bereganatzeko: “Zenbat eta hizkuntza gehiago ikasi eta erabili, orduan eta hobeto garatuko ditu beste zenbait gaitasun, eta, kultur aniztasun handiagoaz gozatzeko aukerarekin batera, lan etorkizun zabalagoa izango du. Haurrak euskaraz hazten badira, euskara haiek adina haziko da”.