Ingurumenerako aurrekontuak ere igo dituzte
Bestalde, Ingurumen zinegotziak hainbat proiektu aurkeztu ditu. Horrela, Artikutzako presaren maila jaisteko 220.000 euro eskainiko dituzte, azpiegitura horren segurtasun baldintzak hobetzeko. Artikutzak, bestetik, 230.000 euroren aurrekontua izango du aniztasuna eta ingurumen hezkuntza sustatzeko. Artikutzako bioaniztasuna eta espezieak ikertzeko bekak, berriz, 19.540 eurorekin sustatuko dituzte.
Lau Haizetako baratze publikoen parkeak handitzen jarraituko dute, eta aurten 50.000 euro jasoko dituzte. Era berean, Uliako bidezidorretako ibilbideak 20.000 euro izango ditu.
Herritarren proposamenei erantzunez atera da Uliako bideak berritzeko dirulaguntza; hala, lehen aldiz partaidetza prozesu baten ondoren adostu da aurrekontua. Horrekin batera bost proposamen jaso dira, 176.000 euroko partidak izango dituztenak: Uliako lanak (bioaniztasuneko partidak gehituta 48.000 euro), Bidebietan; kutsadura elektromagnetikoari aurre egiteko neurriak (30.000 euro), Egian; konposta publikoa (28.000 euro), Martutenen; pantaila akustikoak (65.000 euro), Morlansen; eta gaueko zarataren kontrako sentsibilizazio ekintzetarako (5.000 euro), parte Zaharrean. Bestetik, ingurumen proiektuak bultzatzen dituzten elkarteek 24.500 euro jasoko dituzte. Gainerako dirua honako guneetan inbertituko dute: Kristina Enea, 460.000 euro; Osasun Publikoa, 271.033 euro (Gehiena kaleko animaliak jaso eta zaintzeko eta arratoiak hiltzeko programak dira); Sorospen Etxea, 252.604 euro; Eskola Osasuna, 3.670 euro; eta KIUB, 76.796 euro.