Partaidetza sailerako aurrekonturako 880.000 euro bideratuko ditu udalak
Partaidetza sailerako aurtengo aurrekontu proiektua aurkeztu du gaur Axier Jaka udaleko Partaidetza zinegotziak. Hala, Partaidetza sailaren aurrekontua igoko duela iragarri du Jakak; guztira 880.000 euro izango ditu guztira Partaidetza sailak, iaz baino % 17 gehiago. Proiektu berriak hiru ardatz ditu; herritarrei politikan partehartzeko tresnak eskaintzea, auzoetako partaidetza indartzea eta Donostiako herri mugimendua sustatzea.
Horrela, aurrekontua hirutan banatu dute. Hiritar kontsultak egiteko 70.000 euro bideratuko dituzte eta auzoetan partaidetza sustatzeko berriz, 110.000 euro (Auzoetxe programa abian jarriko dute diru horrekin, eta Bidebietako auzotarren eskaerei erantzuna emanez, auzo horretan Auzoetxea espazio autogestionatua eraikiko dute). Horrekin batera, elkarteentzako diru laguntzak igoko dituzte, guztira 56.000 euro. Besteak beste, partaidetza teknikarien plantilla handitzeko asmoa azaldu du Jakak: “Herri partaidetza politika egiteko modua da guretzat. Behetik gora egiten dena, eta hiri hobea eraikitzeko balio duena. Partaidetza transbersala da eta hiriari dagozkion gai askotan eta askotan erabiltzeko tresna. Esate baterako, aurtengo aurrekontu partehartzaileetan 16,3 milioi euro eta inbertsioen % 30 partaidetzako proposamenetatik eratorri dira. Aurrekontuetan, beraz, partaidetzak Donostiarentzat duen balio estrategikoa islatu da.”