Comenius programako ikasleei harrera. (Argazkia: Lide Ferreira)
Hainbat herrialdetako ikastetxeen arteko lankidetza sustatzeko helburuarekin, Turkia, Suitza, Alemania, Frantzia eta Euskal Herriko ikasleek Europako Comenius izeneko programan parte hartzen ari dira. Honen bidez, urak garapenean eta bizitzan duen garrantzia eta uraren kontsumo arduratsua bultzatu beharra erakustea bilatzen duen proiektua lantzen ari dira. Ikastetxe bakoitzak proiektuaren zati bat garatzen du; ondoren, hiri bakoitzak beste herrialdeetako ikasleak hartzen ditu, egindako lana bateratzeko. Bada, oraingoan, Zubiri Manteo institutuari egokitu zaio 70 ikasle eta irakaslez osatutako taldea hartzea.
Goizean goiz, Gipuzkoako Foru Aldundiko Martin Garitano diputatu nagusiak harrera egin die, Foru Jauregian. Bertan bildutako parte hartzaile bakoitza agurtu ostean, Zubiri-Manteoko lau ikaslek aurreskua dantzatu dute, beste ikasleen eta agintarien ohorez. Azkenik, gidari lanak egin dituzte, Foru Jauregiko bisitan. Garitanok azpimarratu du beste kulturak ezagutzea eta partekatzea garrantzitsua dela eta neska-mutilak animatu ditu ikuspegia zabaldu eta Europako aberastasun kulturalaz eta aniztasunaz goza dezaten.
Uraren erabilera desberdinak
Ikasle hauen proiektuak uraren erabilera izango du ardatz, eta eguneroko uraren kontsumoan Europako herrialdeetan dauden berdintasun eta ezberdintasunak ikusiko dituzte. Izan ere, herrialde guztiek urari erabilera ezberdina ematen diote: batzuetan urak helburu terapeutikoetarako erabiltzen da; besteetan, berriz, ura bizitza kalitatea hobea izateko erabiltzen dute. Hortaz, urarekiko bakoitzak duen esperientzia partekatuko du eta uraren erabilera bakoitzak ingurumenean dituen ondorioak aztertuko dituzte.
Ikasle atzerritarrak Zubiri-Manteon izango dira urtarrilaren 31 arte, eta ikastetxeko sendietan hartuko dituzte. Bestalde, Albaola, Mutrikuko olatu planta, flysha, Arriaren urtegia eta Oria ibaia bisitatuko dituzte.