Adinekoentzat Goizaldi eguneko zentroa irekiko dute Egian, Martutenen eta Bidebietan
Politika sozialetarako aurrekontua handitzea espero dute aurten, eta 24.358.233 euro bideratuko dituzte Gizarte Ongizatera, iaz baino 417.479 euro gehiago, eta legegintzaldi hasierakoak baino 1.098.097 euro gehiago. Jon Albizu Gizarte Ongizateko zinegotziak adierazi du politika sozialak lehentasunezkoak direla Udal Gobernuarentzat, eta adineko zein haurrentzat egindako proiektuetara bideratuko dute dirua.
Hain zuzen ere, 300.000 euroko partida bat jaso dute zahar etxeetan hobekuntzak egiteko, izan ere, hiriko 23 zahar etxeen egoeraren inguruko azterketa bat egin ostean, erretiratuen etxeen berritze planari ekingo diote. Gainera, ahulezian dauden adin nagusiko pertsonei bideratutako proiektu berri bat egiteko pleguak onartu zituen ostiralean; baliabide komunitariotan eguneko zerbitzua emateko aurten 63.000 euroko partida aurkeztu dute. Albizuk zehaztu du programa berriak izaera esperimentala daukala eta herritaren eskaera bati erantzuten diola: “Egian, Martutenen eta Bidebietaneguneko zentroak zabaltzea aurreikusten ari gara, eta helburua epe luzeagora da hiriko beste auzoetara zabaltzea. Goizaldi izena jarri diogu programari eta baliabide hauek oso lagungarriak izango dira bakarrik dauden adinduentzat, elkarrekin egoteko eta harremanak egiteko aukera emango baitie”.
Horrekin batera, etxez etxeko laguntzetarako partida 6.910.260 eurotik 7.452.940 eurora pasako litzateke lau urtetan. aurten iazkoaurrekontua mantenduta.
Bestalde, haurrei zuzendutako programek lau urtetan %18,8ko hazkundea izan dute Albizuren esanetan. Aurten babesik gabe dauden haurrei zuzendutako programak 2.249.129 euroko aurrekontua dauka, iaz baino ia 100.000 euro gehiago. Adikzio Plana ere egin dela adierazi du zinegotziak, eta honen baitan aurten 90.000 euroko partida daukaten programa berriak abian jarriko dituzte.
Gainera, etxebizitzarik gabeko pertsonen arreta zerbitzua esleituko dute 282.083 euroren truke, eta aurten dirulaguntza horietarako 850.000 euroko partida bat aurreikusi dute. Gaueko Aterpea ere urte osoan zabalik dela gogorarazi du zinegotziak.
Dbusek lina berria izango du
Udalak Dbusi egingo dion ekarpena handitu egingo da aurten, 12.639.000 eurotik 13.085.000 eurora pasako baita. Horrela, hiriko autobus zerbitzu publikoak beste linea bat zabaldu ahal izango du, Egia-Aldapa artean mikrobus bat jarriko baita. Horretaz gain hainbat lineatan ordutegiak zabalduko dituzte, goizean lehenago hasiz eta gauean geroago bukatuz.
Hala, Mugikortasun sailaren aurrekontu proiektua 27.989.000 eurokoa izango dela zehaztu du Albisuk: “Mugikortasun eredu sostengarri baten alde egiten dugu, izan ere, gure bizi kalitatea garatzen den mugikortasun ereduak baldintzatzen du neurri haundi batean, eta, ildo horretan, herritarrentzako espazioak berreskuratu eta konkistatu nahi izan dugu, hiri atseginagoa, bizigarriagoa eta berdeago bat egiten lagunduz”.
Aurten garatuko diren proiektuen artean oinezkoentzako eta bizikletentzako neurriak nabarmendu ditu zinegotziak. Amara Berrin oinezkoen irisgarritasuna hobetzeko 150.000 euro bideratuko dituzte, eta Añoga Txiki eta Antiguo auzoak lotuko dituen bidegorria egiteko, berriz, 100.000 euro.
Mugikortasun sailaren aurrekontu potoloenetakoa, baina, autobust geltoki berriaren lur gaineko urbanizazioa gauzatzeko baliatuko da. Proiektu honetara milioi bat euro bideratuko dira.
Azkenik, Aiete eta Morlans arteko igogailuaren exekuzio proiektua egin ahal izateko 35.000 euroko partida zehaztu du Albisuk.