Zartaginak prest dituzte Kaldereroek larunbatean Inauteriei ongi etorria egiteko
http://youtu.be/IDlaZaM31pM
Guztira 4.700 partaide inguru ibiliko dira hirian zartaginak jotzen eta abesten; igandean inude eta artzaiek dantzak eskainiko dituzte Parte Zaharrean.
Zartaiak gogor jotzeko eta Inauteriei ongi etorria egiteko prest daude Hungariako Kaldereroak. Gaur udalean izan dira hiriko tribu eta konpartsa nagusietako ordezkariak, eta Nerea Txapartegi Euskara ordezkariak ongi etorria egin die bertan. Horrela, larunbatean 4.700 lagun inguruk Kaldereroen jaian parte hartuko dute, hiriko auzo guztietan zartai hots eta abestiekin kaleak alaituz. Kresalako ordezkariak ere bertan izan dira, eta igandeko inude eta artzaien festara gonbidapena egin diete hiritarrei.
Hungariako Kaldereroen Konpartsa Tradizionaleko ordezkaria aurtengo erregina izan da, Itziar Zamora. Lehen aldiz egingo du erreginaren rola, eta Parte Zaharrean egingo duten ibilbidea aurkeztu du: “Urtero bezala, Inauteriei ongi etorria egiteko kantuan ibiliko gara kaleetan zehar. Fermin Kalbeton kalean bilduko dira tribu eta konpartsak, Lasala plazaren ondoan, 21:50etan. Ibilaldia 22:00etan hasiko da, Fermin Kalbetonetik Kontsituzio Plazara iritsi arte; bertan egingo du kanpamentua. Ondoren, Narrikarik sartuko gara, Sarriegi plaza, Bretxa eta Euskal Herria kaleetan zehar. Goizeko ordu txikietan amaituko dugu, Parte Zahar guztia zeharkatu ondoren”: Zamorak azaldu duenez, aurten Juanjo Galdonari omenaldia egindo dio Konpartsa Tradizionalak: “Galdonak lan handia egin du festa tradizionala berpizten, eta hori eskertu nahi diogu”. Ibilaldia 2:00ak aldera amaituko dute.
Aurten beste berritasun bat izango dute Konpartsa Tradizionalean, izan ere, aurtengo hiritar merezimenduaren bi dominadun izango dituzte: Kantujirako ordezkariak eta Juan Jose Ocon, musika eskolako banda txikia zuzentzen.
Txapartegik gogoratu duenez, eguraldia lagun izan hala ez, konpartsek hiria alaituko dute larunbat gauean: “1884an atera zen lehen konpartsa, eta hasiera batean festa urtero errepikatu ez bazen ere, 1972tik aurrera urtero ospatu dira Kaldereroak”. Ibilaldi guztiak ikusi daitezke udaleko webgunean.
Tribuak auzo guztietan
Parte Zaharrean biltzen dira tribu gehienak, baina gainerako auzoetara ere iritsiko dira Kaldereroen zartagin eta kantuak. Horrela, Groseko Konpartsaren ordezkari Kepa Madariagak hiru abesti berri eskainiko dituztela adierazi du: “Groseko konpartsa urte askotan ibili da antzinako doinuak berreskuratu eta galdutako tradizioak ikertzen; aurten, Pepe Artola jaio zeneko 150 urte beteko direnean, hiru abesti berri eskainiko ditugu. Abesti hauek, gainera, haurrek dantzatzeko egin dira, txikienek ere Kaldereroen jaia bere egin dezaten”.
Amara Berriko gurasoek ere duela urte batzuk sortu zuten Konpartsa, auzoan Kaldereroen ibilaldirik ez zegoenean, hain zuzen ere. Auzo horretan urtez urte indarra hartu du jaiak, eta egun bertako kaleak alaitzen dituzte haur eta helduek 17.00etatik aurrera. Txapartegiren arabera, aurten ere Loiolan, Erdialdean, Antiguon eta gainerako auzoetan egingo dira Kaldereroen ibilaldiak.
Inude eta artzaiak, eurari dantzan
Larunbateko jaiarekin jarraituz, igandean Kresalako inude eta artzaiak Parte Zaharrean ibiliko dira dantzan. Guztira 150 lagun mozorrotuko dira, 30 bikote dantzari, 60 danborrari eta garaiko arropekin beste 50 lagun bilduko dira. Aurten, berritasun moduan, 3-4 pertsonaia berri gehituko dituzte, baina ez dute esan zeintzuk izango diren, jendeak asmatu ditzan. 12:00etan hasiko da beren ibilaldia, eta eguraldia lagun badute, 14:00ak arte ibiliko dira kalez-kale. Kresalak urtero ospatu du jai hau, iaz ezik, itsasoak eragindako kalteen ondorioz. Dena den, aurten ateratzeko asmo irmoa dute.

