
Nora Galparsoro, Babes Zibileko teknikari Txetxu Mendizabal eta Jon Urangarekin batera. (Argazkia: Lide Ferreira)
Euskalmeten iragarpenen arabera, tenperaturak oso baxuak izango dira kostaldean, eta baliteke elurra itsas mailan egitea. Bada, egoera honi aurre egiteko, Donostiako Udalak baliabide guztiak martxan jarri ditu. Halaxe jakinarazi du Azpiegituren eta Udal Zerbitzuen zinegotzi Nora Galparsorok goizean izan duten krisi mahaia bildu ostean eman duen prentsaurrekoan. “Denboralea luzatu daiteke eta horrek zailtasun gehiago ekar ditzake; beraz, baliabide guztiak aktibatu ditugu donostiarren bizitzetan ahalik eta eragin gutxien izan dezan”. Aurreikuspenen arabera, bihar, asteazkena, 12:00etatik aurrera eta ostegunean ere alerta laranjan izango da hiria.
Iragarpen okerrenak betez gero, udal gobernuak bi lehentasun izango ditu: alde batetik, abegi etxearen ateak irekitzea, etxerik ez duten pertsonak babesteko; eta, bestetik, larrialdi ibilgailuen zirkulazioa eta ospitaletarako sarbidea bermatzea.
125 tona gatz
Udalak dagoeneko 75 tona gatz ditu prest eta beste 25 tona gehiago iritsi zain dago. Neurri bezala, gatzez betetako zakuak banatzen ari da zenbait tokitan: osasun etxeetan, ikastetxeetan eta aparkaleku publikoetan, besteak beste. Gainera, hiriko gune altuetan gatzez betetako edukiontziak jarri dituzte, Ulia, Igeldo, Lauaizeta eta Landarbason, hain zuzen ere.
Bestalde, bihar goizeko 6:00etan gatza botako dute hiriko “errepide kritikoetan” eta bederatzi ibilgailu dituzte prest elurra kentzeko eta gatza botatzeko errepideetan egon daitekeen edozein zailtasuni aurre egiteko. Krisi mahaia ere momentu oro aktibatuta jarraituko du.
Udaleko SMS zerbitzua erabiltzen duten herritarrei abisua bidali zaie, eta 010 zenbakiak goizeko 9:00etatik 18:00etara etenik gabeko zerbitzua eskainiko du.
Amaitzeko, hiritarrei zuzendutako gomendio orokor batzuk eman ditu Galparsorok: arropa eta oinetako egokiak erabiltzea; beharrezkoa ez bada, kalera ez ateratzea (bereziki adinekoak); garraio publikoa erabiltzeko; eta berogailuekin kontuz ibiltzeko.