Oposizioak osoko zuzenketa aurkeztuko dio udal gobernuaren aurrekontu proiektuari
Udal gobernuak urte amaieran 2015eko aurrekontuen proiektua onartu zuen. Hala ere, oposizioko alderdientzako berandu izan da eta orain eurek zuzenketak proposatzeko txanda iritsi da. Emendakinak aurkezteko epea ostiralean amaituko da, baina dagoeneko EAJk, PSE-EEk eta PPk osoko zuzenketa aurkeztuko dutela aurreratu dute.
EAJ
Eneko Goiak agerraldia egin du gaur goizean, eta udal gobernuak aurrekontu proiektua epez kanpo aurkeztu zuela salatu du.”Legez urriaren 15ean aurkeztu beharko zuketen aurrekontua eta abenduaren 23an egin zuten. Gauzak oso ondo joanda ere, martxoa arte ez genuke 2015eko aurrekonturik izango”. Gainera, ez zaiela sinesgarri egiten azaldu du alderdi jeltzaleko bozeramaileak. Beste urteetan egindakoa errepikatzen dela esan du: “Egi bihurtzen ez diren diru sarrerak daude, Illunberen salmenta adibidez. Aurrekontuetan behin eta berriz agertzen dira baina ondoren ez dira gauzatzen”. Bestalde, plenoetan hartu dituzten erabakiak alde batera utzi dituztela uste du, eta erabateko gardetasunik gabe egin dutela. “Ez dakigu Lasala eraikinarekin zein asmo dagoen; ez da jokatzeko modu argia”. Denboralearekin aurrekontu bat adostu zuten talde politiko guztiek baina aurrekontu horri ez diotela jarraipenik egin salatu du Goiak. Azkenik, udal gobernuaren aurrekontu proiektua partehartzailea izatearena ezaugarri propagandistikoa dela iritzi du: “Parte hartzaile izaera duela diote, horretan sinesten badute, aurreko urteetan ere halakoak egin beharko zituzten”.
PSE-EE
Alderdi sozialisteko Enrique Ramosek aurrekontua gauzaezina eta fikziozkoa dela adierazi du. “Aurreko urteetan bezala, diru sarrerak ez dira gauzatuko, gobernua ez delako gai duena kudeatzeko, ez gastuak ez eta diru sarrerak ere. Adibidez, 2013ko aurrekontuan inbertsio batzuk aurreikusi zituzten eta horietatik %45a bakarrik gauzatu zuten”. 2016ra begira, hiriaren asfaltatzea beharrezkoa dela iruditzen zaie sozialistei eta horretarako 500.000 euro jartzea gutxi dela esan du Ramosek.
PP
Ramon Gomezen arabera, aurrekontu proiektua baldarra da, eta hiriak behar dituen estrategiak ez dituela zehazten salatu du. “Bilduk argi ez dauden edo faltsuak diren diru sarrera batzuk ditu, Illunbe eta Lasala plaza bezalakoak. Inbertsioak ez dira plenoak zehaztu dituenak, ez dira inbertsioak egiten”. Hortaz, hiriak aurrekontu berri bat baino, udal gobernu berri bat behar duela adierazi du, “ez du norabiderik, eta beharrezkoa da donostiarren bizitza kalitatea hobeagoa izateko”. Oposizioko taldeekin batera aurrekontu proiektua ezabatu eta maiatzatik aurrera berri bat osatzea espero dute.
Bildu
Oposizioaren erabaki honen aurrean, Bilduko zinegotzi Josu Ruizek hitz egin du. “Oraindik ez ditugu zuzenketak ikusi, baina argi dago euren eredua gurearekin desberdina dela guztiz. Egun garrantzitsua da hiriak aurrekontu bat izatea, eta oposizioak ez dute hiria blokeatzea lortuko”. Euren aldetik irekiak daude adostasun batera iristeko, hasieratik esan baitzuten aurrekontua irekia zela.