Oletako behe-ibarreko lur sailak berdegune izan daitezen eskatu du EAJk

EAJk interpelazioa aurkeztu dio Udal Gobernuari honek argitu dezan zertarako erabiliko diren lur sail horiek. Oletako behe ibarreko lur sailak berdegune izatea nahi du EAJk eta Udal Gobernuari interpelazioa aurkeztu dio gaur, lur horietan zer egingo duen argitzeko. Martin Ibabe EAJko zinegotziaren esanetan, azken urteetan Donostialdeako Metroaren Altzako tartean egiten ari diren lanetarako erabiltzen ari dira lurrak, baina lanak amaitzean ez dute zehaztu zer gertatuko den bertan.

Ibaberen esanetan, lur horiek Altzako “birika” izan daitezke: “Oletako lur sailak benetako birika izango dira oso tarte mugatua duen Altzako zonalde horretako bizilagunentzat. Guztiz beharrezkoa da udalak etorkizuneko erabilera planifiktzea, behin Metroko lanak amaitu ondoren zonalde hori auzoaren beharrei erantzuna emateko erabiltzeko”.

EAJko zinegotziaren arabera, oso mugatuta dagoen zonalde batean kokaturiko gunea  eta parkea eraikitzeak mesede egingo lieke biztanleei: “Lehengo errepide nazionalaz eta Herrerako pasealekuaz gain, bi trenbide daude bertan eta horrek denak eragin handia du bizilagunen aisialdirako guneak, aparkalekuak eta inguruko umeentzako jolasteko guneak antolatzean. Zentzu horretan, Oletako behe-ibarreko lur sailak aisialdirako espazioa eskeiniko lieke bertakoei”.

 
HITZAkide HITZAkide