Papineko bidea egiteko proiektua onartu du udalak

Bide horrekin kamioiak Antxoko kaleetatik igarotzeak industrialdean eta barrutian sortzen duen arazoa konponduko dute. (Argazkia: Donostiako Udala)

Bide horrekin kamioiak Antxoko kaleetatik igarotzeak industrialdean eta barrutian sortzen duen arazoa konponduko dute. (Argazkia: Donostiako Udala)

  Donostiako Udalak Papineko bide berriaren obra egiteko proiektua onartu du gaur. Bide horrek industrialdea Pasaiako saihesbidearekin lotuko du, eta gainera, N-1arekin eta Donostiako saihesbidearekin lotuta egongo da. Horrela, bide berriarekin kamioiak Antxoko kaleetatik igarotzeak industrialdean eta barrutian sortzen duen arazoa konpontzea espero du udalak. Azpiegitura berri honek  Papinen lan egiten duten enpresei on egingo die, eta bizilagunen bizi-kalitatea hobetuko du, kamioiek egunero beren kaleetatik igarotzeari utziko diotelako Proiektu hau burutzeko udalak 1.493.923,18 euroko aurrekontua jarri du (1.234.647,26 euroko kopuru garbia gehi % 21eko BEZari dagozkion 259.275,92 euro), eta zazpi hilabeteko epea jarri du bidea eraikitzeko, obra esleitzen denetik hasita. Laster aterako omen dute lizitazioa. Aspaldiko eskaerari erantzuna Proiektu honekin, udalak aspaldiko aldarrikapen bati erantzun dio, bide berria egiteko asmoa duela urte batzuk diseinatu baitzen. Dena den, aurrera egiteko hainbat arazo konpondu behar izan dituzte aurretik. Besteak beste, bide berriak zeharkatuko dituen lur batzuk liberatu behar izan ditu udalak, desjabetze prozesu batekin. Horrekin batera, Papin industrialdea Pasaiako saihesbidearekin lotuko duen bide berriak zeharkatuko dituen lurrak metal astunekin kutsatuta zeudela ikusi zuten, eta Herbehereetara eraman zituen, bertan garbitzeko. Lan horiek garabi baten bitartez egin ziren; horrela, garabi horrek lur kutsatu fardelak Herbehereetara zihoazen kamioietara eraman zituen. Lurrak garbitu ondoren, udalak Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun eta Bide Azpiegituretako Departamentuaren baimena jaso zuen iazko abuztuan, eta Eusko Jaurlaritzaren mendeko URA Uraren Euskal Agentziaren baimena urtarrilaren 26an iritsi da. Horrenbestez, emateke dagoen pauso bakarra obra lizitatzea eta esleitzea da.
HITZAkide HITZAkide