Bilera ireki bat egingo dute Añorgan, Gazte Asanbladaren urteurren jaia prestatzeko
Aurten 25 urte beteko ditu auzoko taldeak, eta behar bezala ospatu nahi dute.
Dagoeneko heldutasunean murgilduta dago Añorgako Gazte Asanblada. Aurten 25 urte beteko ditu auzoko gazteen mugimenduak, eta guztia prestatzen hasi dira, hilabete batzuk barru egingo dituzten ospakizunetarako. Hala, bilera ireki bat antolatu du asanbladak, ospakizun jaiaren inguruan hitz egiteko. Datorren larunbatean, otsailaren 14an, izango da bilera, 12:00etan, Gaztetxean. Auzotarren laguntza eskatu dute antolakuntzarako, beraz, bertaratzeko deia zabaldu diete haur, gazte eta helduei, elkarrekin lanean aritzeko.