Donostiak partehartze hitzarmena sinatu du Baiona eta inguruko herriekin

Hitzarmenak Donostia 2016 Kultur Hiriburutza bultzatuko du, besteak beste. (Argazkia: Ane Urrutikoetxea)

Hitzarmenak Donostia 2016 Kultur Hiriburutza bultzatuko du, besteak beste. (Argazkia: Ane Urrutikoetxea)

Donostiako alkate Juan Karlos Izagirrek eta Bainoako alkate Jean Rene Etchegarayk lankidetza protokoloa sinatu dute, eta etorkizunean Baiona, Miarritze, Angelu, Bidarte eta Bokalerekin partaidetza proiektuak egingo dituzte. Harremana estua izan da beti Donostia eta Baiona inguruko herrien artean, eta gaur, harreman hori indartu dute Donostiako alkate Juan Karlos Izagirrek eta Baionako alkate eta ACBAko (Agglomération Côte Basque-Adour) lehendakariJean Rene Etchegarayk, lankidetza protokoloa sinatuz Donostiako Udalean. Haiekin izan da Donostia 2016ko zuzendari Pablo Berastegi, izan ere, akordio honek eragin zuzena izango du datorren urteko Kultur Hiriburutzaren jaialdian. Horrela, aurrerantzean parte hartzea errazagoa eta ugariagoa izango da Donostia eta Baiona, Miarritze, Angelu, Bidarte eta Bokale herrien artean. Euskal Eurohiriko kideen artean lankidetza indartzea lortu dute hitzarmenarekin Izagirreren esanetan: “Hizkuntza eta kultura berdina edukita, zentzua dauka elkarren artean harremana estutzea, eta konpromisoak hatzera, beti ere, modu natural batean”. Gaurko bileran azaldu dutenez, Euskal Kosta – Atturri Aglomerazioaren lehendakari Jean-René Etchegarayk eta Mugaz Gaindiko Gaietarako kontseilari ordezkari Peio Claverie eta Jean-Pierre Laflaquière-ek  Donostia 2016ren inguruan gauzatu beharko liratekeen mugaz gaindiko ekimen komunak aztertzeko helburuarekin sinatu dute akordioa. Pablo Berastegiren esanetan, 2016 proiektuari onura handia egingo dio hitzarmenak, nahiz eta hiriburutzatik hareago doan proiektua izan: “Erabaki politikoa da gaur hartutakoa, proiektu kulturalari mesede handia egiten diona; baina argi dago harrema horrek luzera fruituak ematen jarraituko duela. Gure aldetik, proiektu ugari dagoeneko martxan ditugu Lapurdirekin; esate baterako, hortxe dago EOS eta Biarritzeko balletarekin egingo dugu ikuskizuna. Horrelako proiektu berritzaileak egiten jarraitzeko asmoa daukagu, hiriburutza mugak gainditzen dituen proiektua baita”.
Hitzarmena sinatu dute Baiona eta Donostiako alkateek. (Argazkia: Ane Urrutikoetxea)

Hitzarmena sinatu dute Baiona eta Donostiako alkateek. (Argazkia: Ane Urrutikoetxea)

Hiru adarretako lankidetza protokoloa

Izagirrek azaldu duenez, kulturaren, turismoaren eta mugikortasunaren arloetan mugaz gaindiko ekintzak sortzea da helburua; Zuzendaritza Batzordearen lehendakariak bi alkateak izango dira, eta hilabete honetan gaika antolatutako hiru Lan Batzorde, osatuko dituzte.

• Kultura Batzordea:

Euskara ordezkari Nerea Txapartegi eta Mugaz Gaindiko Gaietarako ordezkari eta Aglomerazioko Komunitateko kontseilari Peio Claverie izango dira lehendakarikide; sustatzailekideak berriz, Donostiako Kultura zuzendari Amaia Almirall eta Euskal Museoaren zuzendari Rafael Zulaika. Batzorde honen lanen helburua lurraldeko eragileek abiatutako ekimenen ugaritasuna antolatzea izango da. Eragileen artean daude, zehazki, Miarritzeko Malandain Balleta, Baiona Euskal Kosta Eskualde Kontserbatorioa, Akitania Hegoaldeko Eszena Nazionala, Euskal Kultur Erakundea, Aglomerazioko Arte Eskolak, Aglomerazioko Museoak, udalerrietako Kultura Sailak, etab. Era horretan, lankidetzarako dinamika berriak jarri ahal izango dira martxan.

• Turismo Batzordea:

Turismo, Kirol eta Garapen Ekonomikoko kontseilari ordezkari Josu Ruiz eta Euskal Kosta – Atturri Aglomerazioaren lehendakariorde eta Miarritzeko alkate Michel Veunac izango dira lehendakarikide; sustatzailekideak, halaber, Donostiako Turismo zuzendari Manu Narvaez eta Baionako Turismo Bulegoko lehendakari Henri Lauqué. Batzorde honek Donostiak, Goazen turismo klusterrak, mugaz gaindiko Bihartean Merkataritza Ganberak eta Turismo Bulegoek turismoaren sektoreko enpresen artean hurbilketak sustatzeko asmoz sortutako ekimenak koordinatuko ditu, eta  Donostia 2016ren esparruan turismo eskaintza bateratuak sortzeko mugaz gaindiko proiektu berriak sustatuko ditu.

• Mugikortasun Batzordea:

 Gizarte Ongizate, Lankidetza eta Mugikortasuneko kontseilari ordezkari Jon Albizu eta Mugaz Gaindiko Gaietarako ordezkari eta Aglomerazioko Komunitateko kontseilari Jean-Pierre Laflaquière izango dira lehendakarikide; sustatzailekideak, berriz, Donostiako Mugikortasun zuzendari Angel Querejeta eta Aglomerazioaren joan-etorrietarako zuzendaritzako kide Jean-Luc Louis. Batzorde honen lanek, Garraio Sindikatuaren bitartez, babesa emango diote Donostiako Udaleko eta Aglomerazioko taldeek sortutako dinamika berriari, Baiona eta Donostia artean mugaz gaindiko mugikortasun irtenbide berritzaile eta iraunkorrak garatzeko helburua duen proiektu europar handinahia prestatzearen esparruan.

 
HITZAkide HITZAkide