Udal gobernuak 30.000 euroko aurrekontua jarri du ordenantza berria betetzeko. (Argazkia: Ane Urrutikoetxea)
‘Antenarik Ez!’ plataformak hala eskatuta, zentimetro koadroko 0,1 mikrowatt-en azpiko mailak ezarriko ditu udalak; neurri horiek ez dute telefono zerbitzuetan eraginik izango.
Udal gobernuak bihar onartuko du hiriko telekomunikazio sareen instalazio erradioelektrikoak arautzen dituen ordenantza berriaren proiektua, eta martxoko udalbatzarrean erabakiko da aurrera aterako den. Ordenantza berriarekin, zentimetro koadroko 0,1 mikrowatt-en azpiko mailak ezarriko ditu udalak hiri guztian zehar, Europako Kontseiluaren gomendioa betez. Maila horiek gainditzen dituztenei laguntza eskainiko diete ordenantza bete dezaten, eta neurriek ez dute telefono zerbitzuetan eraginik izango.
Axier Jaka Ingurumeneko zinegotziak eta Ricardo Burutaran Hirigintza zinegotziak azpimarratu dutenez, ordenantza berriaren asmoa osasun publikoaren arloko prebentzio irizpideak eta telekomunikazio zerbitzuak bateragarria egitea da. Jakaren esanetan, martxoko udablatzarra aurretik bilduko dira teleoperadoreekin, berehala neurri berrien inguruan informazioa eskaintzeko: “Ordenantza berrituz, lehenengo aldiz, antenen igorpenak eta kokapenak mugatuko ditugu; modu horretara, Europako gomendioak beteko ditugu”.
Ingurumen zinegotziak azaldu duenez, egungo ordenantza 2002koa da, eta 1066/2001 Errege Dekretuaren arabera egin zen. Hain zuzen ere, dekretu horrek 450 mikrowatt-en igorpenak onartzen ditu zentimetro koadroko, eta Europako egungo gomendioak, berriz, zentimetro koadroko 0,1 mikrowatt-en azpiko mailak ezartzearen aldekoak dira. Jakak gogorarazi du 2013an egindako mapa erradioelektrikoaren arabera, gaur egungo igorpen mailak estatuan indarrean dagoen legediaren barruan daudela, nahiz eta puntu askotan gainditzen duten Europako Kontseiluaren gomendioetan ezarritakoa.
Axier Jakak nabarmendu du azken urteetan telefono mugikorra asko zabaldu dela eta telefono mugikorreko deien banaguneak nabarmen ugaritu direla. Horrekin batera, areagotu egin da gizartearen kezka, horrek guztiak biztanleen osasunean eta ingurumenean izan dezakeen eragina dela eta. Ondorioz,
Antenarik Ez! herri plataformak ordenantza aldatzeko eta egokitzeko eskaera bat egin zion udalari, 7.391 sinaduraren babesarekin: “Gogoratu behar dugu orain dela urtebete hiriaren mapa erradioelektrikoa aurkeztu genuela. Hori izan zen gure udalerrian arlo honetan egindako lehen azterlana, eta oinarritzat hartu da abenduan aurkeztu genituen ikerketa tekniko eta zientifikoetarako; ordenantza hau babesten dute ikerketa hauek”. Azterketan potentzia dentsitateko 111 neurketa egin ziren, eta %60 1815 ebazpenak emandako gomendioak gainditzen dituzte.
Jakak aurreratu duenez, ordenantza betearazteko eremu elektromagnetikoen neurgailuak erosiko dituzte, eta udaltzainak trebatuko dituzte antenak ikuskatu eta kontrolatzeko; horretarako 30.000 euroko aurrekontua zehaztu dute.
Horrekin batera, zinegotziak ordenantza berria martxoko osoko bilkuran babestu dezatela eskatu die talde politikoei: “2013an udalak bat egin zuen Europako Kontseiluaren Parlamentu Biltzarraren 2011ko maiatzaren 27ko 1815. ebazpenarekin, eta aho batez onartu zuten talde politikoek (Bildu, PSE, PP eta EAJ). Gipuzkoako Batzar Nagusiek eta Eusko Legebiltzarrak ere bat egin zuten ebazpenarekin”.
Ordenantza betetzeko hiru hilabete
Ricardo Burutaran Hirigintzako zinegotziak adierazi duenez, ordenantzaren bidez arautu egingo dituzte udalerriko irrati-komunikazioek kokapen, instalazio eta funtzionamendu aldetik bete behar dituzten baldintzak, instalazio horien funtzionaltasuna eskatutako mailetara egokitzeko. Instalazioak egin aurretik udalak sare osoaren hedapen plan bat onartu behar du, eta aurretik obra eta jardueraren lizentzia ere eskatu beharko dute. Ziengotziak nabarmendu du herritarrek edozein unetan jakin ahal izango dituztela emisio mailak eta antenen kokapena.
Baldintzei dagokienez, teleoperatzaileek begi eta ingurumen inpaktu gutxien sortzen duen merkatuko teknologia erabili beharko dute. Horrela, instalazioek gutxienez 100 metroko tartea utzi beharko dute gune sentikorren inguruan, hau da, ikastetxe, ospitale, zentro geriatriko eta haurrentzako instalazioak dituzten parke publikoen inguruan, eta landa inguruneetan eta naturaguneetan instalazioa mugatuko dute.
Ordenantza behin betiko onartu ondoren, hiru hilabete emango dituzte baimenik gabe funtzionatzen ari diren instalazioak arautzeko, eta sei hilabete, lehendik baimena dutenek ordenantza berrira egokitzeko. Epea betetzen ez duten instalazioak itxi eta desmuntatu egingo dira.