Udalak 124.800 euro bideratuko ditu hezkuntza programak babesteko
Donostiako Udaleko Tokiko Gobernu Batzordeak 124.800 euroko partida bat onartu du gaur ikastetxeei eta irakaskuntzari loturiko elkarteei bideratzeko. Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean oinarriak argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera egin ahal izango dira eskaerak, beti ere, hilabete bateko epean.
Naiara Sampedro Hezkuntza zinegotziak adierazi du diru laguntza hauek hezkuntza programa eta proiektuak babesteko helburua dutela, eta ikastetxe publiko eta hitzartutakoei, eta guraso elkarteei zuzentzen zaizkiela: “Hezkuntza eskaintzaren eta zerbitzuen kalitatea nahiz trukeak sustatzeko eta hiritarrek baliabideen aprobetxamendua eta partaidetza bultzatzea dute helburu laguntza hauek, eta ekintza eta programa ugari lagunduko ditugu”. Eragile hauek guztiek egiten duten lana ere aitortu eta eskertu du Sampedrok: “Ikastetxeek eta gainontzeko elkarteek aurrera ematen dituzten ekintzak oso garrantzitsuak dira, eta hiritarrentzat interesa dutelako ahalik eta modu hoberenean banatzea izan da gure helburua”.