Odon Elorza, Ernesto Gasco eta Susana Corcuera, gaurko ekitaldian. (Argazkia: Aritz Sorzabal)
Añorga, Martutene, Intxaurrondo, Ibaeta, Igeldo ere… PSE-EEko alkategai Ernesto Gascok hiriko auzoen izenekin osatutako puzzle baten aurrean hartu du hitza gaur, alderdiak Prim kalean duen egoitzan, maiatzeko udal hauteskundeetako aurre kanpainarekin lotutako ekitaldi batean. Hain zuzen ere, hiriko “orainaz eta etorkizunaz” hitz egiteko bilera irekia egin du herritarrekin. Horretarako, alboan izan du hogei urtez Donostiako alkate izan den Odon Elorza, eta honek hitz egin du lehenik, aretoa lepo zegoela. Aurretik, Gasteizko legebiltzarkide Susana Corcuerak aurkeztu du ekitaldia, eta “luxuzko kartela” zuela nabarmendu du.
Hala, Donostiako agertoki politikora itzuli da gaur Elorza, eta bere agerraldia Bildu kritikatzeko baliatu du ia osotasunean. “Bilduk lau urte galdu ditu”esanez ekin dio agerraldiari. Egungo udal gobernuak PSE-EEk utzitako “herentzia” ere ez duela aprobetxatu kritikatu du: “Horregatik, helburua hiria berreskuratzea da, baina ez guretzat, herritarrentzat baizik”. Bidean proiektuak «galdu» direla berretsi du, eta zenbait egitasmo, autobus geltokiarena kasu, berandu hasi direla aipatu du: “2011ko martxoan esleipena itxita genuen, eta bi urte behar izan dituzte lanekin hasteko, beste kokaleku bat nahi zutelako”. Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburutzari buruz ere hitz egin du: “Gaur da eguna esan daitekeena, zintzotasun osoz, ezingo dugula berreskuratu hiriburutzaren fenomenoa”. Kritika hauen guztien aurrean, Gasco dela alkategai egokiena defendatu du, “kudeaketarako, hitzarmenak adosteko eta jendearekin ulertzeko dituen gaitasunengatik”.
Gascok hitz hauek guztiak eskertu ditu, eta Elorzatik asko ikasi duela onartu du, “zintzotasunarekin duen konpromisoa, batez ere”. Hain justu, udalean”zintzotasuna eta gardentasuna” berreskuratu behar direla azpimarratu du, eta PSE-EEk “irabazteko jokatzen” duela zehaztu du:”Odon ez da izan bakarrik Donostiako alkate 20 urtez, Donostiako alkate onena ere izan da. Hiriaren ADN-an gaude, ez gara pertsona ezezagunak ez dakit nondik etorritakoak”. Bilduren parte hartze prozesuei buruzko aipamena ere egin du: “Bileretara joan diren hamar pertsonekin ezin da hiri bat eraiki; guk egiten genituen bilerekin bai, ordea. Gogoan dut Larratxon 200 pertsona bildu ginela. Sinesgarritasuna genuen”. Eta hurrengo leegintzaldian bultzatuko duen proiektu baten berri eman du, aspaldiko egitasmo bat dela gogora ekarri eta gero: Monpaseko pasabidea. Asmo horrek bertaratutakoen txalo zaparrada jaso du.