147 aparkaleku aurrikusi ditu udal gobernuak Donostia Ospitalerako
Gainera, larrialdien parean biribilgune bat egiteko asmoa azaldu du Burutaranek, anbulantzien trafikoa errazteko helburuarekin; egun dagoen STOP seinalea kenduko lukete, horrela, zonalde honetara sartzeko gelditu behar izatea ekidinez: “Gaur egun trafiko parasitario asko biltzan da gune horretan, hau da, egunean igarotzen diren ibilgailu asko ez dute ospitalera joateko asmorik, edo aparkaleku bila bueltaka dabiltza, trafikoa zailduz”.
Aparkaleku berrien inguruan, Burutaranek ez du azaldu ordaintzekoak izango diren edo ez. 147 horietatik 4 elbarrientzat izango lirateke; horrekin batera, Erizaintza Eskolak 19 aparkaleku egiteko konpromisoa hartu du. Aparkaleku berriak eraikitzeak ez du inolako eraginik izango orain indarrean dauden aparkalekuetan.
Ricardo Burutaran Hirigintza zinegotziak esan du obra honek inguruko zirkulazioa nabarmen hobetuko duela eta “aldi berean hainbat kuestiori soluzioa emango die, besteak beste, trafikoa arintzea, ospitaleetatik gertuen dagoen errepidean trafikoa lasaitzea eta aparkaleku eskaintza areagotzea”.
Exekuzioa, datorren urtera begira Burutaranek azaldu duenez, proiektua hasiera batean aurten jarri behar zuten martxan, 1,9 milioi horiekin, hain zuzen ere: “Aurrekontu proiektuarekin finantzatzeko asmoa genuen bide berria, eta proiektua gauzatzen hastekoak ginen aurten; gure asmoa datorren urtean obrekin hastea zen”. Dena den, aurten lursailak bereganatzeko negoziaketekin hasteko asmoa azaldu du zinegotziak: “Osakidetzarekin hitz egin behar dugu, proiektu honek onura ekarriko diolako; hala, inplikazio ekonomikoa izan dezan espero dugu”.