San Telmo Museoan izan da 10. urtemugaren ekitaldia. (Argazkia: Aritz Sorzabal)
Irutxuloko Hitzak bere sorreraren 10. urtemuga ospatu du San Telmo Museoan, hiriko hainbat eragile, elkarte, auzotar eta ordezkarirekin batera. Beñat Gaztelumendik bertsoa bota zuen duela hamar urte, hedabidearen sorreran; bada, Unai Gaztelumendi anaiarekin itzuli da gaur eszenatokira, euskarazko komunikabidea zoriontzeko: “Hitza emanez egiten delako Hitza” izan da bi anaien bertsoek errepikatutako leloa.
Hamaika Telebistako aurkezle Leire Ferrok aurkeztu du ekitaldia, eta antzerkia eta musika ere izan ditu. Hain zuzen ere, Aldatzen Laguntzen konpainiak eman dio hasiera ospakizunari, Ion Martinez eta Saioa Royoren umore ukituarekin. Ekitaldia amaitzeko, berriz, Añorgako UK Bill taldeak Irutxuloko Hitzaren urtemugaren harira egindako abestia kantatu du. Tartean, komunikabideari buruzko bideo bat proiektatu dute, hiriko zenbait aurpegi ezaguneren iritziarekin.
Beste hamar urte baietz! da urtemugaren leloa, eta horixe izan da oihu errepikatuena bideoan.
Agerraldien txandan, Donostiako Berriak Kultur Elkarteko ordezkari Isidro Yoldik hartu du hitza, hiriko 41 eragilez osatutako elkarteko ordezkariak. Yoldik gogora ekarri du Donostiako euskalgintzak Bagera eta Berria Taldearekin batera sortu zutela Irutxuloko Hitza, eta, “hiru hankak” elkartuta, proiektua aurrera atera zutela. “Herritarrentzat erreferente izatea da gure helburua, honetarako kale presentzian eta herritarrekiko gertutasunean igoera esanguratsua lortu behar dugu, auzoetako eragile, elkarte eta abarrekin elkarlanak sortuz. Harremanak estutu nahi ditugu”, azaldu du.
Irutxuloko Hitzako zuzendari Aritz Sorzabalek hitz egin du ondoren, eta ostiral honetatik aurrera komunikabideak diseinu berria eta webgune berritua izango dituela aurreratu du: “Mezu bat nabarmendu nahiko nuke honen harira: aldaketak aldaketa, Irutxuloko Hitzaren izaerak bere horretan jarraituko duela”, ziurtatu du. Hain zuzen ere, esplikatu du duela hiru urte Irutxuloko Hitzak gogoeta bat egin zuela Donostian zein funtzio bete behar zuen zehazteko, euskaraz informatzeaz harago. Herritarrengandik gertu egon dira beti, baina bide horretan gehiago sakondu behar zutela ohartu ziren: “Herritarrak, auzo elkarteak, jai batzordeak, gaztetxeak, auzoetxeak, kultur eta kirol elkarteak eta tokian tokiko gainontzeko eragile guztiak lehentasun dira guretzat, eta hala izango dira aurrerantzean ere. Bide horretan sakontzeko, hiriko bazter guztietara iristeko asmoz, eta beste komunikabideek ematen ez duten hori eskaintzen jarraitzeko, zenbait egitasmo ditugu esku artean. Esaterako, gehigarri bereziak egingo ditugu auzo eta herriei buruz, tokian tokiko errealitatea bertakoen ahotan ezagutzeko. Lehen gehigarria martxoaren 6an izango da, Antiguari buruz”, iragarri du.
Irutxuloko Hitzako zuzendariorde eta webguneko arduradun Nerea Lizarraldek azaldu ditu webgune berrituaren ezaugarriak. Dena den, bildutakoei eskatu die ostiralean Irutxuloko Hitzaren atarian sartzeko, aldaketak bertatik bertara ezagutzeko. Helburua auzoetara gehiago hurbiltzea izango dela berretsi du.