Donopstia 2016k, udalak, Sustapenak eta Turismoak osatu dute harrera plana. (Argazkia: Ane Urrutikoetxea)
Informazio eta formakuntza saioak eskainiko dizkiete ostalari, erakunde eta saltzaileei, bisitariei ongi etorri egokia ematen jakin dezaten.
Bisitariei hirira ongi etorria emateko harrera plana diseinatu du Donostia 2016ko lan taldeak. Proiektua udala, Sustapena eta Turismoarekin elkarlanean gauzatu du, iaz turismoaren inguruan egindako diagonsia aztertu ondoren. Programa azaldu dute gaur Donostia 2016ko zuzendari Pablo Berastegik, 2016ko batzorde teknikoko koordinatzaile Txuri Aranburuk, Susapeneko zuzendari Euken Sesek eta Turismoko zuzendari Manu Narvaezek, Donostiako alkate Juan Karlos Izagirrerekin batera.
Horrela, datorren urtean hirira etorriko diren bisitariei harrera onena egiteko prestatu nahi dituzte herritarrak. Berastegiren esanetan, Donostia 2016ren helburua ez da turismoa sortzea, baina hirian duen garrantzia ikusita, elkarlanean aritzeko beharra ikusi du bere lan taldeak: “Badakigu proiektu hau kultur arlotik aldenduta dagoela dirudiela, baina garrantzitsua iruditzen zaigu bisitariek egonaldiaren oroipen ona izatea eta zapore onarekin amaitzea beren oporraldia”. Horrekin batera, etorkizunean harrera planak eragin positiboa izango duela aipatu du Berastegik: “hiriak eskaintzen dituen zerbitzuak hobetzera bideratuta dago plana, eta horrek epe luzean hiritarrei egingo die onura”.
Harrera programaren oinarria online egiteko diseinatutako joko interaktiboa da. Sustapeneko zuzendariak azaldu duenez, informazio bideoak izango dira sistema honen euskarri nagusia: “Gure ideia 6.000-6.000 biztanle inguruk programarekin parte hartzea da, eta horretarako euskarri egoekiena online bidezko programa diseinatzea iruditu zaigu. Programak joko bat planteatzen dio ikasleari; bere lanpostuaren arabera, abentura batean murgilduko du erabiltzailea, eta Donostiaren inguruko informazioa bereganatzen joango da bideoen bitartez. Amaiera, test moduko bat gainditu beharko du, eta azken pausu hori emanda, Donostia 2016ko enbaxadore izendatuko dugu”.
Programa horrekin batera, informazio eskuorriak banatuko dituzte hirian zehar, eta bertan Donostia 2016ko eta hiriko ekintzen berri emango zaie hiritarrei, hala nola, Europako Kultur Hiriburua izateak zer suposatzen duen, bezeroen arretarako oinarrizko arauak, hiriaren erakarpen nagusien eta historiaren ezagutza, hizkuntzaren ezagutzaren garrantzia, lokalen eta autoen baldintza fisikoak, ingurumen esparruko praktika onak eta bezero bereziekin harreman ona izateko pausoak. Gainera, 10 arau biltzen dituen dekalogoa argitaratu dute bisitarien aurrean nola lan egin argitzeko:
1-Nire helmuga gomendantzen dut.
2- Harrera egiten eta laguntzen interesa erakusten dut.
3- Inoiz ez dut ezetz esaten, irtenbide bat aurkitzen saiatzen naiz.
4- Arazoei aurre egiten diet.
5- Irudi txukuna eta profesionala erakusten dut bti.
6- Hartzen dudan pertsonaren hizkuntzan erantzuten saiatzen naiz.
7- Nire lankideekin taldean egiten dut lan.
8- Kexak, hobetzeko aukeratan bihurtzen ditut.
9- Nire lanpostua txukun eta garbi mantentzen dut.
10- Ingurumenarekin errespetagarria naiz beti.
Bestalde, formakuntza planak hizkuntzen erabilera irakasteko programa ere izango du, hau ere online; hala, euskara, ingelesa eta frantsesa ikasi edo hobetzeko ikastaroak jasoko dituzte langile publikoek, esate baterako, udaltzainek, mugikortasun langileek eta harrera egiteko langileek.
Azpiegiturak hobetzeko erronka
Aireportuak eta hirian sartzeko azpiegiturak hobetzeko asmoa azaldu du Turismoko zuzendari Manu Narvaezek, azken urtean atzerriko turistak gehiengoa izan direla gogora ekarriz: “Donostira etortzeko aireportua bilatzean, batzuetan Loiu azaltzen da erreferentzia moduan, beste batzuetan Hondarribi, bestetan Biarritz… hori oso nahasgarria gertatzen da atzerritarrentzat. Bestalde, Donostiako trenaren izenak ere duda asko sortzen ditu; batzuetan Donostiako metroa azaltzen da, bestetan topoa… gauza horiek argitzea beharrezkoa da”.
Alkateak gaineratu du autobus lineak indartzeko asmoa duela udalak aireportua irisgarriagoa izan dadin: “Gehienetan Loiu da erreferentzia, baina ahaztu egiten zaigu gertuago dagoela Biarritzekoa, eta hori ere nazioarteko aireportua da. Udalak bertaratzeko azpiegiturak erraztuko ditu, eta Hondarribirako autobusak ere indartuko ditu”.
Boluntarioen lana, oinarri
Harrera plana martxan jartzeak lana ekarriko dio Donostia 2016ko lan taldeari, eta lan hori boluntarioekin betetzeko asmoa azaldu du 2016ko batzorde teknikoko koordinatzaileak: “Hirian dagoeneko lanean ari diren boluntario taldeekin elkarlanean ibiliko gara, eta baita laguntzeko prest dauden guztiekin. Gure asmoa kalean identifikatuta egotea da, jendeak informazioa behar duenean erraz aurkitu ditzaten”. Boluntario programa zehazteko dago oraindik, baina laister aipatuko dute zenbat izango diren proiektuan parte hartuko dutenak.