Martxoan hasiko dute organikoaren jasoketa bultzatzeko kanpaina. (Argazkia: Agurtzane Altuna).
Hiri Azpiegitura eta Zerbitzuetako zinegotzi Nora Galparsorok gaur aurkeztu du Donostiako Udalak materia organikoaren jasotzea sustatzeko abian jarri duen ekimen berria. Horrela, Altza eta Bidebietan hasiko du kanpaina udalak, bertan oraindik ez direlako iritsi %20 jasotzera; Galparsorok adierazi duenez, gainontzeko auzoek dagoeneko gainditu dute %20 hori. Neurrien artean, edukiontzi marroia erabiltzeko 5.000 gida banatuko dira, eta etxez etxe ere eskuorriak banatuko dira materia organikoaren zikloa azalduz eta herritarrak izen ematera animatuz.
Bidebieta auzoari dagokionez,
Bidebietan Konposta! izeneko kanpaina berezia egingo dute. Horrela, informazio guztia biltzen duen Stand ibiltaria ibiliko da auzoan, larunbatetik asteazkenera bitarte. Zehazki, larunbatean eta igandean 11:00etatik 14:00etara eta astelehenetik asteazkenera 11:00etatik 20:00etara. Stand ibiltari honetan bi hezitzaile ibiliko dira, eta izen emateak egiteko aukera izango da.
Altzarako ere ekimenak antolatu dituzte;
Zure sukaldetik, Altzako lorategietara leloarekin, martxoaren 14an, Tomasenen zuhaitz landaketa komunitarioa eta musika antolatu dituzte. Horiekin batera, materia organikoaren jolasa eta haurrentzako hamaiketakoa ere izango dituzte egun horretan bertan. Hurrengo egunean, martxoaren 15a, haur antzerkia egingo dute Larratxo Kultur Etxean, Zirika Zirkus-en “Konpost Ero” antzezlanarekin. Sarrea doan izango da.
Izen emateak gora
Galparsororen esanetan, edukiontzi marroiaren erabilera handituz joan da azken urteetan; horrela, 2011n % 30 biltzetik, aurtengo urtarrilean % 38 biltzera pasa da hiria. Gainera, materia organikoaren bilketan izan da aldaketarik nabarmenena; 2011n hilean 42.750 tona materia organiko bildu ziren, eta aurtengo urtarrilean berriz 378.360 tona biltzera iritsi da hiria.
Bestalde, gorantz jarraitzen du materia organikoa jasotzeko programetan izena eman duten donostiar familien kopuruak. Edukiontzi marroian 19.799 familiek eman dute izena, eta auzo konposta nahiz etxe konposta programetan izena emanda daudenei batuta, guztira 20.647 familia donostiar ari dira materia organikoa sailkatzen, hain zuzen hiriko familien % 27.
Zinegotziak gogorarazi duenez, Donostiak inoizko bilketa datu onenak ditu, hiritarren konpromisoari esker: “Bidea hasi besterik ez da egin, eta oraindik asko dugu sakondu eta hobetzeko, baina, garrantzitsuena, Donostia ere Zero Zabor norabidean jartzeko lehen urratsak ematea da”.