Mikromatxismoa bistaratzeko lehiaketa bat abian jarri dute
Gaztezulo aldizkariak eta Topatu.info-k Bistaratu Mikromatxismoa lehiaketa jarri dute abian. Komunikabideek jendartearen eraldaketan duten paper garrantzitsuaz ohartuta, eta feminismoarekin duten konpromisoan berretsiz, mikromatxismoa bistaratzea izango da aurtengo gazte sorkuntza lehiaketaren xedea. Gaztea, sortzailea eta feminista bazara, parte hartu lehiaketan. Ikus-entzunezko bat, idatzi bat, argazkiak eta ilustrazioak sortuz parte har dezakezu lehiaketan.
Sorkuntza esparruak:
-Ikus-entzunezkoak (bideoak): Gehienez 3 minutu, kredituak barne.
-Idatziak: Gehienez 6.000 karaktere espazioak barne, ordenagailuz idatzita.
-Argazkiak.
-Ilustrazioak.
Martxoaren 30ean, 12:00etan, amaituko da lanak bidaltzeko epea, eta epaimahaiak edukia (gaiaren lanketa) eta ideia eta originaltasuna hartuko ditu kontuan puntuazioak ematerako orduan, kalitate tekniko eta artistikoarekin batera.
Sariei dagokienez, bideo eta argazkien sailean reflex kamera bana eskuratuko dute irabazleek, idatzien sailean ordenagailu eramangarria, eta ilustrazioetan tableta grafikoa eta memoria eramangarria.
Sariak apirilean Donostian antolatuko duten jardunaldian banatuko dira. Jardunaldi horretan mikromatxismoaren inguruko lanketa egingo dute gazte eragileekin eta mugimendu feministako kolektiboekin elkarlanean. Ekitaldi parte hartzailea izango da, taldeetan batu eta elkarren esperientziak partekatzeko erabiliko dute.
Lehiaketaren oinarri guztiak ikusteko sartu lotura honetan, eta epea amaitzean, bertan batuko dituzte lan guztiak, bilduma bat osatuz.