Parte Zaharreko eta Erdialdeko bizilagunen osasun etxea Bretxan jartzeko ideiarekin jarraitzen du udalak, gainontzeko erabiltzaileei kaltetu gabe
Bretxako Arraindegi eraikina. (Argazkia: Lide Ferreira)
Bretxako Arraindegi eraikinak hizpide izaten jarraitzen du. Udalak eraikina arlo pubikora bideratzeko asmoarekin aurrera darrai, Parte Zaharreko eta Erdialdeko bizilagunei dagokien anbulategia bertan ezarriz, esaterako. Gaur egun bertan dagoen Ocine La Bretxak, ordea, bederatzi milioi euroko kalteordainak eskatu dizkio udalari. Kontuak hala, Juan Karlos Izagirre alkateak gaiaren inguruan hitz egin du, komunikabideen aurrean, planaren lehen fasearen inguruan: “Osakidetzari beharrezko metroak utziko dizkiogu anbulategia eraikitzeko, ekialdean dauden gainontzeko maizterrak kaltetu gabe”.
Hasteko, alkateak gogoratu nahi izan du, erabilerarik gabeko eraikin bat zela Bretxakoa, eta bertako kudeaketa daraman enpresari ordaintzeko arazoak zeudela, bestek beste, maizterrek alokairuei aurre egiteko zailtasunak zituztelako. “Kontzesio kontratua aldatu behar izan genuen, arlo publikorako metro gehiago eskatzeko. Aldi berean, interes publiko justifikatu bat egon da libre geratzen ziren metroak erabiltzeko, Parte Zaharreko eta Erdialdeko anbulategia bertan jartzeko eskatuz”, azaldu du alkateak. Bestetik, aldaketa faseka egitea erabaki zutela aipatu du Izagirrek, lehenbailehen Osakidetzari behar zituen beharrezko metroak uzteko anbulategia irekitzeko, “eraikineko gainontzeko erabiltzaileei eragozpenik sortu gabe”.
Hala, alkatearen hitzetan, alegazioetarako garaia zabaldu zen Bretxa kudeatzen duen enpresarentzat, eta aukera eman zitzaien nolabait kaltetuak sentitzen zirenei ere alegazioak aurkezteko. Ondorioz, zinemen alegazioa iritsi da, eta udala aztertzen ari da. “Ez ditugu zinemak itxiko, beraz, ez dauka zentzurik alegazio horrek. Bestetik, bederatzi milioi horiek zergatik eskatu dituzten azaltzeko eskatu dugu. Izan ere, galerak dituen enpresa bati buruz hitz egiten ari gara, eta itxiera ERE bat iragarri zuen duela urtebete, eta zailtasun handiak ditu bere gastuei aurre egiteko”.