Larrialdi zerbitzuak prest daude Martutenen. (Argazkia: DYA)
Euriak hainbat arazo eragin ditu, eta uneotan Urumea ibaia da arreta guneetako bat. Hernani eta Astigarragako ibai hertzean dauden kanpalekuak hustu dituzte, eta Donostiako Udalak alerta laranja eman du. Udalak Urumean kaltetutako bizilagunei dei egin die euren autoak Garberara eramatera.
Ibaiak ez du gainezka egin oraindik, baina igotzeko joerarekin jarraitzen du, eta adi egoteko eskatu dute. Elkarguneak irekiko dira Martuteneko Etxarrienen eta Loiolako Kultur Etxean, bertan Donostiako Udalaren ongizateko langileek, beharrezkoa balitz, bizilagunak artatuko dituztelarik. DYA eta Gurutze Gorria jadanik kaltetuak izan daitezkeen guneetara joan dira.
Euriteen ondorioz Urumearen maila 4,33 metrora iritsi da Martutenen. Horergatik, Udaleko Krisi Mahaiak abisu gorria aktibatu du. Mahaiak bilduta jarraitzen du, eta bertan udal departamentuak eta bizilagunen nahiz gobernuko ordezkariak daude.