Pilar auzunea. (Argazkia: Lide Ferreira)
Denboraleak ondorioak ekarri ditu Txomin eta Martutenera. Izan ere, gaueko itsasgoraren atarian, Urumeak gainezka egin zuen atzo arratsaldean. 27 poligonoa eta Okendotegi bidea itxita daude, baratzak eta ingurua urez beteta daudelako. Pilar auzunean ere ibaiak egin du gainezka, eta Martuteneko zenbait garaje eta dendatan ura sartu da. Pilar auzunearen irudia esanguratsua da. Denboraleak kolpatutako guneetako bat izan ohi da, oraingoan ere. Okendotegi eta Pilar auzuneko hainbat bizilagun Etxarrienera eta Loiolako erretiratuen etxera eraman zituzten bart, protokoloak aginduta. Gizarte zerbitzuko langileek zein baliabide eta aukera dituzten eskura azaldu zizkieten bertan. Azkenean, hamazazpi bizilagun ostaturatu dituzte, eta gaurko gaua etxetik kanpo pasa dute.
Alerta gorrian dago ibaia arratsaldeaz geroztik, eta Krisi Mahaiak indarrean jarraituko du eguerdira arte gutxienez. Añarberekin koordinatu dute urtegiaren ateak noiz ireki, beti ere Urumeak Martutenen hartutako altuera zainduta (4,74 altueraino iritsi da).
Bizilagunek abisua jaso zuten atzo arratsaldean, eta horrekin batera larrialdietako zerbitzuak abian jarri ziren. Baina, Urumeak bere bidea egin du, eta berriro egin du gainezka. Zenbait agintari hurbildu dira Martutenera, egoeraren berri bertatik bertara ikusteko. Arratsalde partean, bizilagunek dagoeneko jasota zuten abisua. Hain justu, protokoloa abian jarri zuten eta, besteak beste, autoak Garberara eramateko aukera izan zuten. Dbusek jarritako autobus zerbitzu berezien bitartez jaitsi ahal izan zuten bertatik. Goiezko 6:00etan, Garberara autoaren bila itzultzeko autobus zerbitzua jarri dute abian berriro.
Horrenbestez, ohiko irudiak errepikatzen ari dira Martutenen eta Txominen. Bertako auzotarren artean etsipena nagusi den arren, ohituragatik edo, filosofiarekin hartu dute gertaera hainbatek. Martutenen garajea hustu duten bizilagun batzuek, esaterako, ardo botil bat ere hustuko zutela aurreratu zuten bart, denboralea ea noiz amaituko zain. Trinketeko tabernan ere bazegoen jendea trago bat hartzen atzo, arratsaldeko azken orduan. Azken finean, ibaiak erabaki du, eta horren aurka ezer gutxi egin daiteke.