San Telmoko, udaleko eta Vasco de Camping elkarteko arduradunak, aurkezpenean. (Argazkia: Donostia Kultura)
Euskal Mendizaletasuna oinarri hartuta,
Mendia izeneko erakusketa osatu dute San Telmo Museoan. Vasco de Camping elkarteak eta museoak berak egindako elkarlanari esker. Bertan, hainbat alderditatik aztertu dute mendizaletasuna; Kirol, giza eta kultur ikuspegietatik, hain zuzen ere. Erakusketa oparoa osatu dute eta maiatzaren 18a arte egongo da zabalik, asteartetik igandera, 10:00etatik 20:00etara. Mendizaletasunaren une historikoak azaltzeaz gain, euskal gizartean dagoen zaletasuna islatu dute; irrika kolektiboa, eta alderdi kulturalak, erlijiosoak eta sozialak kontuan hartu dituztelarik.
Zehazki, Antxon Iturrizaren lan dokumental batean oinarritu dira erakusketa osatzeko:
Historia testimonial del montañismo vasco osatzen duten hiru aleetan bildutakoa. Hala, lau arlo banatu dituzte: Mendiaren liturgia, Mendiaren aurkikuntza, Konkistaren espiritua eta Mendia gure ispilua da.
Mendiaren liturgia atalean, objektu eta adierazpenen bidez, mendira irtetzerakoan mendizaleen asmoak eta balioak zeintzuk diren eta zerk bultzatzen dituen adierazi dute.
Mendiaren aurkikuntza atalean, lehen mendizaletasuna bultzatzen duten ideiak azaldu dituzte, eta beren eragina Euskal Herrian; euskal mendietan egin ziren lehen ekintzetan, eta munduan zehar (Himalaiara gerturatzerarte) ibili ziren antzindariengan, Gerra Zibilak bidea eten zuen arte.
Konkistaren espiritua espazioan, berriz, Bigarren Mundu Gerra ondoren, banderak zortzi mila metroko mendietara eramateko nazioak lehian aritu zirela ikus daiteke: frantziarrak Annapurnan saiatu ziren, britainiarrak Everesten, italiarrak K2n, txinatarrak Shisha Pangman… Azkenik,
Mendia gure ispilua, mendira hurbiltzeko moduan islatzen da zer garen eta zer izan nahi dugun. Mendiak hainbat eztabaida pizten ditu helburuei, helburuak lortzeko moduei, balioei, estiloari, kontraesanei buruz, nola mendikate garaienetarako espedizioetan hala ibilaldi xumeenetan.
Historian barrena
Euskal Herrian mendizaletasuna oso ohiko praktika dela argi utzi duten erakusketaren bidez. Mendira hurbiltzeko moduan islatzen da zer garen eta zer izan nahi dugun erakusketako arduradunen esanetan. Reinhold Messner izan zen zortzi milatik gorako hamalau mendietara igo zen lehena, 1986an. Kopurua bera baino garrantzitsuagoa izan zen, ordea, erronka nola bete zuen. Izan ere, oxigeno artifizialik gabe igo zen gailurretara, bide berriak jorratuz. Garai hartan, goi euskal alpinismoak garapen izugarria bizitu zuen. Gertaera ezagunenak honakoak izan ziren: 8.000 milatik gorako hamalau mendien igoaldien zerrenda -Juanito Oiartzabal, Edurne Pasaban (lortu zuen munduko lehen emakumea)-, Felix eta Alberto Iñurrategi anaien Himalaiako espedizioa, Josune Bereziartu eta Pou anaien eskalada ibilbidea…. Edonola, mendizaleen zerrenda etengabea da, Euskadiko eta Nafarroako Federazioek 40.299 federatu dituzte guztira (14 federatu mila biztanleko), eta beste hainbat eta hainbat federatu gabe joaten dira mendira. Gainera, elkarte askok urte osorako txangoak programatzen dituzte, eskalada-eskolak ere hor daude, mendiko lasterketak, iraupen luzeko martxak… Datuak emateaz gain, erakusketa ixteko, hainbat mendizale, idazle eta pentsalarien hausnarketak bildu dituzte.
Erakusketarekin batera, jarduera paraleloak ere egingo dituzte. Bisita gidatuak dituzte larunbatero, 12:30ean euskaraz eta 17:30ean gazteleraz. Familientzako tailerrak ere badaude, martxoaren 28an, esaterako, erakusketaren edukien inguruko sorkuntza tailerra egingo dute, 17:00etan. Martxoaren 3an eta 5ean, berriz, Antxon Iturrizak Del Txindoki al Himalaya izeneko hitzaldia emango du, 19:00etan. Museoko sarrerak hiru euro balio ditu, baina astearteetan sarrera doakoa da.
ERAKUSKETARA BISITA PERTSONALIZATUAK
Bisita pertsonalizatuak ere egingo dituzte eta bertan parte hartzea doakoa izango da. Hala ere, aurrez izena eman beharra dago, 943-481561 telefonora deituta edo
stm_erreserbak@donostia.org posta elektronikora idatziz. Ondorengo ostegunetan izango dira bisitak, 18:30ean:
- Martxoak 12: Ander Izagirre. Euskaraz.
- Apirilak 16: Julio Villar. Gazteleraz.
- Apirilak 23: Ainhoa Lendinez. Euskaraz.
- Maiatzak 7: Mª Luisa Alonso. Gazteleraz.
- Maiatzak 14: Antxon Iturriza. Euskaraz.