Udalak hausnarketa bat egin du hainbat herritarrekin elkarlanean, eta gune kritikoen mapa osatu dute
Naiara Sampedro Berdintasun zinegotzia -ezkerretik hirugarrena-; hausnarketan parte hartu duten hainbat kiderekin batera. (Argazkia: Donostiako Udala)
Donostia eraso sexistarik gabeko hiria izatea nahi du udalak. Horretarako, hainbat eragilerekin eta herritarrekin batera hausnarketa kolektibo bat egin du, eta gaur eman dute emaitzaren berri. Guztira, 90 lagunek eta 16 eragilek hartu dute parte prozesuan, tartean hiriko auzo elkarteak, emakume taldeak eta talde feministak izan direlarik. Naiara Sampedro Berdintasun zinegotziak bideratu du gaurko aurkezpena, eta helburu nagusia emakumeek espazio publikoa bereganatzea dela adierazi du.: “Donostia eraso sexistarik gabeko hiri bat izatea nahi dugu eta helburu horretan irmo ari gara lanean, batetik, sentsilibizazio kanpainak eginez, hirian zehar dauden kartelak dira horren lekuko, eta bestetik, hiriko gune kritikoen maparen lanketa eginez”. Orotara 33 gune identifikatu zituen udalak, eta herritar eta eragileek gune horiek balioztatzeaz gain, beste zortzi gune proposatu dituzte. Beraz, guztira, 41 zailtasun gune jaso dituzte eta beste zazpi aztertzen ari dira.
Zehazki, bi urteko lanaren emaitza da gaur aurkeztu dutena. “Udaleko zortzi zuzendaritzen artean hiria genero ikuspuntu batetik lantzen aritu gara, bi hilabeteko maiztasunarekin. Orotara, hogei bat bilera egin ditugu; eta iazko azaroan eragile eta herritarren ekarpenak jasotzeko prozesua abiatu genuen”, zehaztu du Sampedrok. Gune kritikoak izandatzerakoan honako irizpideak hartu dituzte kontutan: argitasuna, irisgarritasuna, lorezaintza, garraio publikoaren konexioak, leku ezkutuak, espazio publikoaren erabilera, eta tunelak, pasabideak, igogailuak eta bestelako hirigintzako elementuak.
Sampedrok zehaztu duenez, urtero birbegiratuko dute mapa, beharrezko aldaketak egiteko. Edonola, eraso sexistak bestelako espazio askotan ere ematen direla gogorarazi du: etxebizitzetan, tabernetan, lantokian, etxe ataritan… Ildo horretan, Sampedrok kanpainak egiten jarraituko dutela aurreratu du: Prebentzio kanpainak, autodefentsa feminista tailerrak edo prestakuntza ikastaroak, besteak beste. Horretarako, 20.000 euroko aurrekontua jaso du udalak.
“Mapa kritikoan identifkatu diren hiriko hamar guneetan udaberrian esku hartuko dugu, ispiluak jarriz edo berritze lanak eta obrak eginez. Mapan jaso diren gune guztietan, argiteria eta begetazioa errebisatuko ditugu sei hilabeteko epean”, azaldu du zinegotziak. Bestetik, hirigintzari dagozkion udal araudiak genero ikuspegitik errebisatuko direla aurreratu du Sampedrok: “Etorkizuneko hiriaren diseinua eraso sexisten prebentzioa kontuan hartuz egiteko formulak ezarriko ditugu, aurrerantzean mapan agertu diren bezalako gune gehiagorik sortu ez dadin”.