Aitor Etxaburu entrenatzaile postutik kentzea erabaki du Bera Berak, eta Montse Puchek hartuko du haren lekua.
Hainbat komunikabideren aurrean hitz egin du Tati Garmendiak. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Bera Bera Eskubaloiak entrenatzaile berria izango du aurrerantzean, Montse Puche, hala erabaki baitu taldearen zuzendaritzak. Klubak atzo gauean jakinarazi zuen Aitor Etxaburu bere kargutik kendu zuela, eta Tati Garmendia kirol zuzendariak gaur eman du prentsaurrekoa, guztiaren berri emateko. “Taldeak poztasun falta dauka. Pozarekin bakarrik ez da irabazten, baina ez dut ikusten erasoan ongi ari den talde bat, eta gauza gehiago ere badaude”, adierazi du Garmendiak kezkaturik. Taldea ligako lehen postuan dagoen arren, partida bat baino gehiago ozta-ozta irabazi dituela aipatu du, eta jokalariak ez daudela baldintzarik onenetan. Hala, aurrerantzean, Puche izango da taldearen entrenatzailea: “Bera Bera ez da Ohorezko Mailako talde bat bakarrik, proiektu bat da, eta momentu honetan taldean eta klubaren proiektuan hobekien molda daitekeen pertsona dela iruditzen zaigu”. Olinpiar Jokoetan parte hartutako jokalari ohia da Puche, Bartzelonan 1992an eta Atenasen 2004an aritutakoa, munduko txapelketetan eta Europako lehiatan ere jokatu du, eta Bera Berako jokalaria ere izan zen. Hala ere, sekula ez du lehen mailako talderik entrenatu, eta Garmendiak apustua ongi edo gaizki atera daitekeela onartu du; edonola, aldaketa egin beharra zegoela iritzi du. Puche ahalik eta azkarren sartu nahi dute taldearen dinamikan, baina aurretik lan kontu batzuk itxi behar ditu. Beraz, bien bitartean, Garmendia bera arduratuko da taldea zuzentzeaz. “Montse proiektuan sarturik egongo dela uste dut. Eskubaloia izugarri maite du eta jokalari bikaina izan da. Taldea taktikoagoa egingo duela uste dut”.
Etxabururi dagokionean, berarengandik gehiago espero zutela aipatu du Garmendiak. “Aitorrek ez zuen albistea espero, normala da. Kontu batzuk ulertu ditu, eta entrenatzailea izanik bere ardura izan dezake, baina beste gauza batzuekin ez dago ados, logikoa da. Abenduan aipatu genizkion goitik eta behetik zeuden eskaerak, baina ez du esperotako aldaketa egin. Orain, Liga irabaztea baino, taldea ligari aurre egiteko ahalik eta ondoen egotea nahi dugu. Bera Berak liga ez irabaztea ez da porrot bat izango, eta kopa ez irabaztea ez da porrot bat izan”.
Bera Berak iazko ekainean jakinarazi zuen Etxaburu izango zela taldearen entrenatzaile berria, Imanol Alvarezen lekukoa hartuz. Denboraldi baterako kontratua sinatu zuen eibartarrak taldearekin, baina epea bukatu aurretik klubak entrenatzaile aldaketa egitea erabaki du.
Aldaketak aldaketa, taldeak bere egunerokotasunean jarraitu beharko du, eta larunbatean Castelldefels aurka duen partida irabaztea da hurrengo erronka. Norgehiagoka Bidebietan izango da, 19:00etan.
Montse Puche 2007an Bera Beran aritu zeneko irudia. (Argazkia: Naroa Balsategi)