Oporrak Bakean programa udaletxean aurkeztu dute. (Argazkia: Donostiako Udala)
Donostiako Udalak, SEADen Lagunen Elkartearekin eta Fronte Polisarioarekin batera, Oporrak Bakean programa jarri du aurten ere. Hirira Saharako 30 haur etortzen dira uda guztietan, Donostia haur gehien jasotzen dituen hiria bihurtuz. Euskal Autonomia Erkidegoan aurten 400 haurretara iristea da espero da.
Donostian hogei familiak jada izena eman dute programan eta beste hamar haurrentzako familiak behar dituzte. Jon Albizu, Lankidetza zinegotziak, familia donostiarrak animatu ditu programan parte hartzera: “Oso esperientzia aberasgarria da, bai haurrentzat eta baita hemengo familientzako ere. Bi helburu nagusi ditu egitasmoak: batetik, haur eta gaztetxo hauei eskola liburuen bitartez baino ezagutzen ez dituzten errealitateak ezagutzeko aukera ematea (ibaiak, mendiak, basoak, itsasoa…); eta bestetik, munduaren beste irudi bat eskaintzea, errefuxiatu kanpamenduetan bizi duten eguneroko errealitate gogorretik urrun”.
Oporrak Bakean programa honen bitartez 10-12 urte bitarteko haur sahararrak etortzen dira udan, bi hilabetez. Dena den, programa haur sahararrekiko elkartasun ikur bat da; eta haur sahararrek hizkuntza, kultura, ohitura eta sinesmen desberdinak izan ere, oso esperientzia aberasgarria izan daiteke bertan parte hartzen duten guztientzat. Aurten berriro programa martxan jartzearen arrazoia izan da, Tindouf inguruko errefuxiatu guneetan egoera tamalgarrian bizitzen jarraitzen dutela, eta euren eguneroko beharrei aurre egiteko kanpoko laguntza besterik ez dute.
Programa ezagutzera emateko kanpaina abiatu du udalak eta Donostiako ikastetxe eta haurtxokoen bidez banatuko da informazioa. Izena emateko orria, berriz, Lankidetzako Bulegoan jasoko da, Aieteko Jauregian. Telefono eta helbide elektroniko bidez ere kontaktuan jarri daitezke interesa duten herritarrek:
943 48 14 71 edo
oporrakbakean-vacacionesenpaz@donostia.org.