Ruben Arrizabalaga eta Ibon Aranguren izan dira azkarrenak III. Binakako lasterketan
Lehenengo donostiarra Naiara Casi Presa izan da, 24 minutu eta 11 segunduko denborarekin
Korrika Donostiara iristeko bi aste gelditzen diren honetan, AEK-k hirugarren urtez binakako lasterketa antolatu du. Bertan 150 bikote inguruk hartu dute parte. 10:30ean abiatu dira korrikalariak Bretxa merkataritza gunetik eta 6 kilometroko ibilbidea egin dute, Erdialdeko kaleetatik barrena.
Eguraldi ona lagun eta lasterketa ikustera hurbildu diren babesarekin, korrikalariak binaka aritu dira: mutil-mutil, neska-neska edo neska-mutil bezala. Bada, sailkapena ere hiru kategorietan banatu dute.
Emakumez osatutako bikoteen kategorian, Azpeitiako bi neska izan dira irabazleak: Maitane Aizpuru eta Alaitz Etxeberria (26:10).
Kategoria mistoan bi zizurkildar izan dira irabazleak: Lourdes Colomo eta Josu Luis Arrate, hain zuzen ere. Denbora, 23:10koa egin dute.
Gizonez osatutako bikoteen kategorian Mutrikuko Ruben Arrizabalaga eta Urrestillako Ibon Aranguren izan dira lehenak (20:54). Haiek egin dute markarik onena.
Lehen donostiarra Naiara Casi Presa izan da. Jose Manuel Navarrarekin batera 24 minutu eta 11 segundu behar izan ditu ibilbidea osatzeko. Kategoria mistoan bigarren bikotea izan dira, eta sailkapen orokorrean seigarrena.
IRUTXULOKO HITZA Binanako Lasterketaren babesleetako bat da, eta urtebeteko sei harpidetza zozkatuko ditu parte hartzaile guztien artean.
Kirol jarduera bat eskaintzeaz gain, AEK-k parte-hartzaileen artean euskarazko kultur eta aisialdi produktu eta zerbitzuen kontsumoa sustatzeko helburua ere badauka.
[Gallery=173]