Martxoaren 28an ekitaldi bat egingo dute, 'Donostian ere euskaraz' kanpainaren barruan. Koloretako globoekin beteko dute Konstituzio plaza egun horretan.

Nerea Txapartegi Euskara ordezkariak eta Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateak aurkeztu dute ekitaldia. (Argazkia: Ane Urrutikoetxea)
Donostian ere euskaraz kanpaina aurkeztu zuten asteazkenean Euskara arduradun Nerea Txapartegik eta Donostiako alkate Juan Karlos Izagirrek, hiritar guztiei lehen hitza euskaraz egin dezaten animatzeko. Horretarako, ekitaldia egingo dute hilaren 28an, larunbata, eta dagoeneko abian jarri dute kanpaina auzo guzitetan.
Orain dela urtebete hasi zuen udal gobernuak euskararen erabilera eta normalizazioa bultzatzeko kanpaina, administrazioan, merkataritzan, kultur azpiegituretan eta kiroldegietan bezala, egunerokoan eta espazio publiko zein pribatu guztietan ere euskararen erabilera sustatzeko helburuarekin.
Alkateak hiri euskalduna aldarrikatu du, euskara ulertu eta erabiltzeko gai diren herritarrak %70 direla gogora ekarriz: «Donostia euskararen hiria da, eta geroz eta hiri euskaldunagoa izatea nahi dugu. Hortaz, lehen hitza euskaraz egitera animatu nahi ditugu herritarrak; etxean, dendan, tabernan, lanean, edo administrazioan. Donostia hiriburu euskaldunena bada ere, ezagutza eta erabileraren arteko aldea oraindik ere handia da; une honetan 122.000 donostiar euskaraz hitz egiteko edo ulertzeko gai diren arren, %16ak bakarrik erabiltzen du euskara. Kanpaina honen bidez hori irauli nahi dugu, eta lehen hitza euskaraz egitearen garrantzia azpimarratu nahi dugu, hori euskaraz hitz egiten jarraitzeko lagungarria delako».
Egitasmoa dagoeneko administrazioa, kultura eta kirolaren eremuetara hedatu dute, baita merkataritza eta ostalaritzara ere. Orain, hiriko bazter guztietara iristeko, ekitaldia egingo dute hilaren 28an, Konstituzio plazan. Donostia euskaraz betetzea irudikatu nahi da bertan, hitzen, hotsen, globo jolasen eta hiztunen bitartez, eta besteak beste, herritarrek euskarazko hitzekin idatzitako globoak aireratuko dituzte. Horrekin batera, 12:00etatik aurrera, Xabier San Sebastian abeslaria, Txan Magoa eta bestelako ezusteak ere izango dira ekitaldian. Hiriko hainbat auzotako zebra-bideak ere euskararen aldeko esaldiekin margotuko dituzte.
Konpromisoa
Txapartegiren esanetan, festarekin plaza jendez eta euskaraz betetzea da asmoa: «Euskararen aldeko adierazpen bat irakurriko dugu eta udal langileek hartu duten konpromisoa, lehen hitza euskaraz egitearena, donostiar guztiei luzatuko diegu, konpromiso hori guztiok gure gain hartuz».
Herritar guztien artean Donostia euskaraz beteko dutela iragarri du, eta horretarako baliabide nagusia globoak izango dira: «Egunean bertan, Konstituzio plazara joaten direnek euskarazko lehen hitza globo batean idazteko aukera izango dute, eta plaza koloretako globoekin eta euskararekin bete ahal izango da. Horretarako, auzo, eskola, leku publiko eta hainbat establezimendutan globoak eta ekitaldiari buruzko informazioa banatuko da. Euskara Zerbitzuko bulegoan ere eskuratu ahal izango dira globoak».
Udal langileen %73 gai dira euskaraz hitz egiteko

Udal langile bat harreran, herritar bat artatzen. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Kanpaina orokorrak emaitzak eman ditu, eta hasi zenetik 170 lanpostu gehiagok dute derrigorrezko hizkuntza eskakizuna: «Udalak 1.397 langile ditu, eta 1.032 gai dira euskaraz hitz egiteko, hau da, langileen %73; horrekin batera, Donostia Kulturak kudeatzen dituen gune guztietan euskararen erabilera bermatuta dago. Kirol Patronatuaren bidez kudeatzen diren kiroldegietan, berriz, bataz beste, horietako %91.88an bermatuta dute donostiarrek euskaraz artatuak izatea», azaldu du alkateak. Udal bulego, kultur etxe, liburutegi, antzoki, museo eta kiroldegietan kartelak eta eranskailuak jarri dituzte. 400 establezimendu ere identifikatuta daude eranskailuarekin, herritarra euskaraz hartzeko gai direla adierazteko.