Etxerateko kide Maider Alustiza, hitza hartzeko prest. (Argazkia: Aritz Sorzabal)
Antiguako frontoian agerraldi jendetsua egin du Etxeratek, Guardia Zubilak atzo atxilotutakoei elkartasuna adierazteko, eta senide eta presoen aurkako polizia operazioak salatzeko. Hain zuzen ere, hainbat eragilek adostuta, manifestaziorako deia egin dute larunbaterako,
Preso eta senideen eskubideen defentsan, elkartasuna aurrera! leloarekin. Protesta Anoeta estadiotik irtengo da, 17:00etan.
Etxerateko kide Maider Alustizak hartu du hitza, zenbait eragiletako ordezkarien eta hainbat senideren babesarekin. Atxilotuak Madrilgo Tres Cantoseko komisaldegian hasi direla deklaratzen jakinarazi du, eta esan du litekeena dela bihar eramatea epailearen aurrera. Aukeratutako abokatuak ukatu dizkiete, ikerketa berdinean daudela argudiatuta. “Duela bi hilabete gauzatutako operatiboak defentsa juridikorako eskubiderik gabe utzi zituen presoak eta senideak. Orain, berriz, osasun eskubidearen kontra egin dute; osasun laguntza ukatu nahi zaie presoei, baita senideen laguntza ere”, salatu du Alustizak.
Etxerat “jomugan” dutela nabarmendu du, presoen senideen elkartea “kriminalizatzen” ari direlako.”Ez dute gure lana gogoko, eta gure lana zein den gogora ekarriko dugu berriro: senideei laguntza eskaintzen diegu; laguntza psikosoziala eskaintzen dugu, furgonetak eta autobusak antolatzen ditugu kartzeletara joateko eta sakabanaketa amaitzeko lan egiten dugu”. Preso eta senideen aurka aplikatzen duten “mendeku politikari” aurre egiteko topagunea dela elkartea berretsi du, “espetxe politika anker hau ez delako bakarrik espetxean daudenen kontra, senideon kontra ere doalako bete-betean”. Gogora ekarri du 26 urte bete dituela “salbuespeneko espetxe politikak”, eta “mina, samina” eragin dituela. “Horren guztiaren gainetik, senide eta lagunon konpromisoa bakea eta konponbidearekin dago, gertatu den guztia inoiz errepikatu ez dadin, inork ez dezan berriz sufritu gu sufritzea tokatzen ari zaiguna”, erantsi du.