Fernando Arburua aske utziko dute, bermea ordainduta
Eloy Velasco epaileak eman du agindua; 15.000 euro ordaindu beharko ditu.
Fernando Arburua altzatarra, Nagore Lopez de Luzuriaga, Izaskun Abaigar eta Oihana Barrios aske uzteko agindua eman du Eloy Velasco epaileak. 15.000 euro ordaindu beharko ditu bakoitzak. Laurek ukatu egin dute ETAko kide izatea edo haren agindupean aritzea.
Luzuriaga eta Abaigar Etxerat elkarteko bozeramaileak dira, eta Arburua eta Barrios Jaiki Hadi mediku taldeko kideak. Guardia Zibilak «ETAren kartzeletako frontearen koordinazio gunekoak» izatea leporatzen die. Madrilgo Tres Cantoseko polizia etxean laurek uko egin diote polizien galderei erantzuteari. Haien konfiantzazko abokatuen bisita jaso zuten atzo, eta haien bitartez jakinarazi dute jasandako tratua zuzena izan dela.
Agerraldi jendetsua egin zuten atzo eguerdian Donostiako Antigua auzoko frontoian, hogei alderdi eta talderen babesarekin Etxerat-ek biharko deitu duen manifestazioaren berri emateko. Donostiako Anoeta estadiotik abiatuko da martxa, 17:00etan, eta honako lelo hau izango du: Preso eta senideen eskubideen defentsan, elkartasuna aurrera!
Erlazionatutako edukiaManifestaziora deitu dute larunbaterako, preso eta senideen eskubideen defentsan