Euskaraz Bizi Egunera joateko autobus bat irtengo da Donostiatik
Asteazkena baino lehen eman behar da izena.
Euskaraz Bizi Eguna Otxandion egingo dute, larunbatean, Euskararen alde egotetik euskararen alde egitera lelopean. Besteak beste, Luhartz, Gozategi eta Governors taldeen kontzertuak izango dira. Donostiatik autobus bat aterako da larunbatean 9:45ean Viktoria Eugeniatik. Izena eman behar da asteazkena baino lehen Herrian, Triku Harrin, Zumardin edo Zulo Zaharren.
“Otxandio, herri euskalduna. Euskararen arnasgune txikia eta euskaldunon babesgune handia. Euskararen alde egoteaz gain, euskararen alde egiteko prest dagoen herria da otxandiarrena”, nabarmendu du EHEk, herri hori zergatik aukeratu duten azaltzerakoan.
Sei urtez bide egin ostean Hizkuntza Eskubideen Eguna atzean utzi eta Euskaraz Bizi Eguna antolatzeari ekin zion EHEk. Seigarren edizioa izango du Euskaraz Bizi Egunak, Etxarri-Aranatzen abiatutako bideari segida emanaz. Ondoren etorri ziren Gernika-Lumon, Donostian, Agoitzen eta Gasteizen eginikoak.