Oteizari eskainitako kultur astea abiatu da
Hitzaldiak eta film emanaldiak nagusi izango dira Oteizaren omenezko ziklo honetan.
Aldatzen Laguntzen antzerki Taldeak Oteizaren Astea egin du bigarren aldiz. Joxerra Garziak eman dio izena aurtengo zikloari: Ote Hitza, 12. harria gure jentil krombletxean. Atzo abiatu zen programa, Ion Martinez konpainiako kideak Oteiza eta Eskorbuto musika taldeari buruz emandako hitzaldiarekin. Hainbat lan egin ditu Oteizaren inguruan. Lehena, Oteitza =/= Gizartea antzezlana. Obra honen harira hasi zen zikloa antolatzen. Iazko maiatzean, Oteizaren Museoan artista oriotarraren larruan sartu eta emanaldi berezi bat egin zuen Altzuzako museoan bertan.
Gaur, astelehena, bi proiekzio emango dituzte Dokan, 19:30ean. Asier Altuna zinemagilearen Soroa film laburra emango dute. Hain zuzen, Oteizaren olerki batzuetan oinarrituta egin zuen filma. Bardeetan filmatu zuen. Ondoren, Paloma Chamorrok 1988an Oteizari egindako elkarrizketa sakon bat emango dute. Elkarrizketa ez zuten telebistan eman, Oteiza ez zegoelako ados.
Bihar, asteartea, Felix Marañak eta Nuri Ruiz Cabestanyk zuzendutako Oteiza tiembla filma emango dute Dokan, 20:00etan. Maraña bera emanaldian izango da, eta Oteizaren alde ezezagunenaz hitz egingo du.
Asteazkenean Joxerra Garzia irakasle eta idazleak Hutsa bete hitz hitzaldia emango du Dokan, 19:30ean. Berarekin bizitako pasarteak erabiliko ditu bere pentsamoldearen izaeraz hitz egiteko.
Ostegunean, Lugaritz kultur etxean Ote Hitzak Oteizari buruzko ikuskizuna emango dute 20:00etan. Irakurketa, olerkia, musika eta margolanaz osatutako emanaldia izango da. Ion Martinezek zuzenduta, Emilio Varela eta Juan Pablo Huercanosen irakurketak, Carlos Aurtenetxe eta Pello Otxotekoren irakurketak, Eneko Sierra eta Iñaki Santos musikariak eta Iker Antia margolariak izango dira.
Aste guztian Arteztu arte plataformaren erakusketa bat egongo da irekita Doka Kafe antzokian.Ane San Jose donostiako moda diseinatzaileak, bere azken lanak erakutsi ditu. Oteizan inspiratuta sortu dituen arropa eta diseinuak erakutsi ditu erakusketa honetan.