Epaitegiaren aurrean alkatea babestu duten hainbat lagun elkartu dira, 'Donostian pertsona guztiak dira ongietorriak' lelopean.

Juan Karlos Izagirre alkatea, adierazpenak egiten. (Argazkia: Lide Ferreira)
Urtarrileko udalbatzarrean Juan Karlos Izagirre alkateak PPk salatu zituen adierazpen batzuk egin zituen. Ramon Gomezek azaldu duenez, ondorengoa esan zuen: “alderdi popularrak ez ditu etorkinak besoak zabalik hartzen, jendea tiroekin hartzen duzue”. Horregatik, PPko bozeramaileak adiskidetze salaketa bat aurkeztu zuen Izagirren aurka, eta gaur goizean Egiako epaitegian egin dute adiskidetze ekitaldia. Bi politikariez gain, bertan alkatea babestera joan diren hainbat herritar elkartu dira, ‘Donostian pertsona guztiak dira ongietorriak’ lelopean.
Epaitegian sartu baino lehen, Juan Karlos Izagirre alkateak komunikabideen aurrean adierazpenak egin ditu: “Adiskidetze ekitaldi batera etorri gara, eta ez dugu inongo arazorik kontziliatzeko. Udalbatzarrean esan nuena berretsiko dut, frogatu daitezkeen gertaera batzuk direlako: 2014ko otsailaren 6an Guardia Zibilaren tiroek hamabost etorkizun hil zituen, eta ez dugu horrelakorik errepikatzea nahi”.

Ramon Gomez eta Borja Semper, epaitegitik ateratzen. (Argazkia: Lide Ferreira)
Adiskidetze ekitaldian Izagirrek azaldu du egin zituen adierazpenetan aldaketa bat egin duela: “alderdi popularra” beharrean, “Espainiako gobernua” erabili du, alkatearen ustez gobernu hori baita etorkinekin gertatzen direnen arduradun. Hala ere, Ramon Gomezek ez du aldaketa hori onartu eta, hortaz, ez da adiskidetzarik egon. “Esandakoa atzera botatzea nahi genuen, baina ikusi dugu ez duela humiltasunik. Adierazpen askatasunak edo eztabaida politikoak ez dituzte irainak eta kalumniak justifikatzen”, esan du Gomezek. Orain, alderdi popularraren zerbitzu juridikoek aztertuko dute salaketarekin aurrera egin edo ez.