Euskal sukaldaritza tradizionala ezagutzea eta pintxo ibilbideak egitea da 'Donsotia, euskal astebukaera' programaren helburua.

Irtenaldian pintxoen ibilbide didaktikoaz gozatuko dute turistek. (Argazkia: Mikel Goñi)
Donostiako Turismo bulegoak eta Basque Culinary Centerrek elkarlanean sortu dute
Donostia, euskal astebukaera programa, turistek euskal sukaldaritza tradizionala ezagutzeko aukera izan dezaten. Proiektua aurkeztu dute gaur Turismoko zuzendari Manu Narvaez eta BCCko zuzendari Joxe Mari Aizegak, Garapen Ekonomikoko zinegotzi Josu Ruizekin batera.
Aizegak azaldu duenez, irtenaldia BBCn egingo den tailer batekin hasiko da, eta ondoren Parte Zaharreko elkarte gastronomiko batera eramango dituzte parte hartzaileak, bertan euskal sukaldaritza tradizionalean oinarritutako bazkaria eta abangoardiako pintxoak dastatu ditzaten: “Elkartea eta sukaldaria oraindik zehaztu behar ditugu, baina BBCkoa izango da sukaldaria, eta izen handikoa”.
Oraingoz hiru asteburutan egingo dituzte irtenaldiak. Lehenengoa gazteleraz egingo dute, maiatzaren 16 eta 17an; bigarrena, frantsesez, 23 eta 24an; eta hirugarrena, ingelesez, 20 eta 21ean. Horrela, larunbatetan sukaldaritza tradizionalaren tailerrak eta bazkaria egingo dituzte, eta igandetan berriz pintxo ibilbide didaktikoak sukaldari baten eskutik. Programak bi gaueko egonaldia eskaintzen du, gosaria barne, eta 315 euroko prezioa izango du pertsonako, logela bikoitzan, BEZ-a barne.