Sei kidek osatuko dute batzarra, hiru donostiar eta hiru usurbildar, denak Zubietan helbideratuak.
Maiatzaren 24an izango dira ere udal eta foru hauteskundeak. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Datorren maiatzaren 24ean Zubietako Herri Batzarreko kideen hautaketa egingo dute; batzarrerako 6 kide aukeratuko dituzte, hiru donostiarrak eta beste hiruak usurbildarrak. Dena den, batzarreko kide guztiak Zubietan helbideratuak egon beharko dute.
Egun horretan bertan, udal eta foru hauteskundeak izango dira.
Batzar horren helburua Donostiako eta Usurbilgo udalei Zubietako arazo zehatzei buruzko informazioa luzatzea izango da; bi udalek proposamenak aztertuko dituzte, eta batera hartuko dituzte erabakiak. Bere aldetik, batzarrak lortutako akordioak beteak izan direla ziurtatzeko betebeharra izango du.
Bestalde, udalek batzarrari emango dioten laguntzak administratzea eta haien kontu zuzena emateko ardura izango dute batzarreko kideek, auzoko zerbitzu publikoa mantentzko ekintza eta obra txikietarako dirua administratuz.
Batzarreko kide izateko Zubietako edozein hauteslek aurkeztu dezake bere burua, eta hautagaitzak aurkezteko epea apirilaren 28an hasi eta maiatzaren 5ean bukatuko da. Beren nahia idatziz jakinarazi behar diote dagokion udalari.
Erreklamazioak egiteko epea apirilak 20tik 24ra izango da, biak barne. Erreklamazioak ebazteko epea berriz, apirilaren 27a izango da.
Nola bozkatu?
Udal bakoitzak botu-txartel bakarra argitaratuko du; Zubieta-Donostiako hautagai zerrendarako txartelak zuriak izango dira, eta Zubieta-Usurbilgoak sepia kolorekoak.
Botu-txartelak aldarrikatutako hautagai guztien zerrenda jasoko du eta hautesleak nahiago dituen
bi hautagaiak x batez nabarmenduko ditu. Hautesleek gehien aukeratutako
hiru hautagaiak izango dira batzarkide.
Non bozkatu?
Alamandegin, 9:00etatik 20:00ak arte.