Euskal diseinatzaileen hainbat lan jaso dituzte Okendo kultur etxean. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Basque style, estiloa eta nortasuna izeneko erakusketa osatu dute Okendo kultur etxean. Moda adierazpen kultural bat dela diote antolatzaileek, garai bateko balioen, identitatearen, nortasunaren eta kulturaren irakurketa pertsonalaren isla. Gainera, euskaldunek moda era berezian bizi izan dutela diote, eta euskal estiloak askotarikoak diren arren, guztiei ikusten dizkiete elementu komunak: soiltasun eta dotorezia berritzailea, sofistikazioa minimalista, estanpaturik gabe oihalak, tonu hotzak, testura metalizatuak, eta forma arkitektonikoak, besteak beste. Modo Consulting nazioarteko aholkularitza enpresa bat da, modaren sektorean berezitua dagoena, eta berau izan da erakusketaren antolatzailea, Donostia Kulturarekin batera. Azken batean, euskal sortzaileen lanak ikusarazi nahi izan dituzte; askok atzerrian sona duten arren, etxean ezezagunak baitira.
Erakusketa lau zatitan banatu dute: Basque Look Display (euskal sortzaileek egindako soinekoen hautaketa), Basque Fashion Brands (euskal markei buruzkoa), Basque moodboards (euskal nortasuna modara aplikatuta), eta Basque Art & Fashion (argazki eta ilustrazio erakusketa, jantzien instalazioa eta ikus-entzunezko bat).
Honako moda adituen eta arropa marken lanak jaso dituzte erakusketan: Ion Fiz, Miriam Ocariz, Maria Cle Leal, Ana Olazabal, Nur Gonzalez, Guilarte, Kionista, Game Gabriela Muñagorri Estudio, Ianire Soraluze, Usune Bravo, Esnesto Artillo, Ane Yarza, Jose A. Lopez, Oihana Marco, Lei Divat eta Skunkfunk.
Skunkfunk markari dagokionean, esaterako, zira berezi bat jarri du erakusketan. Skunkfunken lana egiten duen Cristinak azaldu duenez, tinta hidrokromiko batekin egin dute ziraren marrazkia, eta euria egiten duenean desagertu egiten zaio. Gainera, ahalik eta zabor gutxien sortzeko lanean ari dira Skunkfunkeko kideak, iraunkortasunerako bidean, eta patroi bereziak osatzen ari dira euren diseinuetan, helburu horrekin.
Apirilaren 29tik ekainaren 13ra egongo da zabalik erakusketa. Astelehenetik ostiralera, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etarik 20:30era; larunbatera, 10:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 20:00etara.