Hauteskundeetara begira enplegurako programa aurkeztu du; maiatzaren 1eko manifestazioan egongo dira.
Irabaziko kideak, ezkerretik hasita, Jon Hernandez, Amaia Martin eta Loic Alejandro. (Argazkia: Ane Urrutikoetxea)
Irabazi Donostia taldeak enplegua sustatzeko duen plana aurkeztu du gaur. Amaia Martin alderdiko zerrendaburuak azaldu duenez, enplegua banatzea da alderdiaren proposamen nagusia, eta lanaldiaren murrizketen norbanako eskubidearen bidez, lana zatitzea proposatu du. Programa Loic Alejandro zerrendetako bigarrenarekin eta Jon Hernandez Irabaziko kidearekin batera aurkeztu du.
Martinen esanetan, ordaindutako lan eza da egungo arazo larriena, eta udaletik lan egingo dutela adierazi du: “Lanaldiaren murrizketa proposatzen dugu, enplegua pertsona guztientzat eskubide bat izan dadin, eta ez kolektibo batzuentzat bakarrik”. Irabaziko hautagaiaren arabera, erakunde publikoek indar haundia dute enplegua sortu eta zabaltzeko, bai arlo publikoan eta baita pribatuan ere: “Lanaldi duin baten banaketa lortu daiteke klausulak jarriaz kontratu publikoetan, eta baita sindikatuen eta enpresen arteko akordioetara iritsita”.
Hernandez-ek gaineratu du, oraingo politikek sufrimentua eta pobrezia sortzen hari direla: “Estatu Batuekin negoziatzen hari diren komertzio askeko tratatu opakuaren ondorioak jasaten ari gara; langile europarren eskubideak eta empresa txiki eta autonomoen iraute aukerak murriztuz doaz, empresa handien onurarako”. Mozal legea ere aipatu du, eta ostiral honetako manifestazioan parte hartzera animatu du: “Maiatzaren 1ean Irabazi Donostia kalera aterako da sindikatuek eta empresa komiteek iragarritako manifestaldietan, autonomoak eta ekonomia sozial bat duten enpresak babasteko”.
Horrekin batera, alderdi ekologistek eta ezkerreko alderdiek bihar antolatutako ekitaldian parte hartzeko deia egin dute. Ekitaldian Greziako Syriza, Alemaniako Die Linke eta Ezker Anitzako eta Equoko presentzia izango da, Irabazi Donostiako kideekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiko zinegotzi Arantza Gonzalez-ekin batera.