Auzoetako tabernak antzoki bihurtuko dituzte
Poltsiko Antzerkiaren jaialdia maiatzaren 7tik 24ra izango da
Donostia Kulturaren webgunean.
Zehazki, Ekoetikopatetikobikoa izeneko antzezlana eskainiko dute Anabel Arraiza eta Jabi Rodil aktoreek Poltsiko Antzerkiaren barnean; Alex Tellok sortu eta zuzendutako lana. Hain zuzen ere, Atea Teatroa izan da V. Poltsiko Antzerkia Sorkuntza lehiaketako irabazlea, eta horrela lortu du jaialdian sartzea. Irabazleek 4.000 euroko laguntza jasoko dute proposatutako antzezlana garatzeko eta ekoizteko. Hala, jaialdiaren barruan estreinatuko dute lana, eta lau saio egingo dituzte. Biki eta Viktor dira antzezlaneko protagonistak, beti tirabiratan dabiltzan pisukideak. Alokairu-kontratua berritzearekin batera hasiko da euren arteko eztabaida eta saltsa. Estreinaldia maiatzaren 8an egingo dute, 20:00etan, Intxaurrondoko jatetxe mikrobiotikoan. Ze esatek! taldeko abeslarietako bat da Jabi Rodil, beraz, ohitua dago jendaurrean aritzera. “Urteak neramatzan antzerkian ezer ere egin gabe, eta Alexek aukera hau eman zidanean asko poztu nintzen”, aipatu du Rodilek. Telloren hitzetan, gainera, “kimika” handia dago bi aktoreen artean eta ikusleek eskertuko dute.
Batik bat ikuslego gazteari zuzendutako jaialdia da Poltsiko Antzerkia, baina herritar guztiei zabaldua dago. Aurtengo programazioari dagokionean, ikuskizunen aniztasuna nabarmendu du Aizpuruak: “Bakarrizketa, majia, umorea, musika, kante flamenkoa, zirkoa, bakarrizketa gehi abestiak… “. Finean, munduaren inguruko euren ikuspegiaren berri emango dute artistek, euren lanen bidez. “Tabernak herritar askoren topaleku izaten dira, eta ikuskizunak foku eta eszenatoki handietatik kanpo, gerturatu egiten ditugu”, gehitu du Txapartegik. Saio guztiak tabernetan izango dira, lau izan ezik (Añorgako Jolas Etxea, Martuteneko Etxarriene, Bidebietako Kontadores, eta Igeldoko Itsas-Aurre kultur etxea).
Euskarari bultzada
Euskarari garrantzia eman nahi izan diotela nabarmendu du Txapartegik. Guztira, 11 tabernatan 27 emanaldi izango dira jaialdian; horietatik 14 euskarazkoak. Hala, aurtengo jaialdian bost antzezlan izango dira euskaraz: Ekoetikopatetikobikoa (Atea Teatroa); Oroitzapenak (Joseba Usabiaga); Amets Zirkoa salgai (Aldatzen Laguntzen Antzerki Taldea); Sekreturik ez (Kidam Magoa) eta Magia parrastan (Imanol Ituiño Magoa).
“Formatu txikiko antzerki jaialdia”, halaxe definitu du Nerea Txapartegi udaleko Kultur ordezkariak Poltsiko Antzerkia. Hain zuzen ere, Kultur Ekintza Zerbitzuaren bitartez, XXIV. Poltsiko Antzerki jaialdia aurkeztu du Donostia Kulturak. Txapartegi bera eta Jon Aizpurua Donostia Kulturako kidea arduratu dira jaialdiaren xehetasunak emateaz; eta beraiekin izan dira Atea Teatroa taldeko kideak. Maiatzaren 7tik 24ra bitartean izango da jaialdia, auzoetako tabernak bereziki antzoki bihurtuko dituztelarik. Ikuskizun guztietarako sarrera doakoa izango da, eta programazio osoa bisita daiteke