Axier Jaka Partaidetza zinegotzia “pozik” agertu da udalbatzarraren erabakiarekin. (Argazkia: Ane Urrutikoetxea)
Udalbatzarrak aho batez eta behin-betiko onartu du gaur Donostiako Hiritar Kontsulten Erreglamendua. Urtarrilaren 29an eman zion behin-behineko onarpena, baina martxoaren 6an alegazio bat jaso zuten. Tokiko Gobernu Batzordeak apirilaren 10ean onartu zuen zehaztapen hori eranstea: Udalak, administrazio elektronikoaren legearen babesean, sinadurak biltzeko sistema elektronikoa garatu ahal izatea, hain zuzen ere.
Axier Jaka Partaidetza Zinegotziak adierazi duenez, herritarrek hasieratik hartu dute parte erregelamendu honen diseinuan, beraz, haien alegazioa onartzea “guztiz koherentea” izan da: “Donostiak partehartzean erreferente bihurtuko duen Hiritar Kontsulten Erregelamendu aitzindaria onartu du gaur. Erregelamendua herritarrentzako tresna izango da, erabaki publikoetan parte hartzeko”.
Puntu garrantzitsuenak
Erregelamenduan zehaztu dutenaren arabera, galdeketetan 16 urtetik gorakoek botoa eman ahal izango dute. Bestalde, hiri mailakoak edo auzoetakoak izan ahalko dira. Herritarren ekimenez sustatutako galdeketak ez dira udalbatzarretik pasatu beharko, eta hiritar ekimenek galdeketa deitzeko 16 urtetik gorakoen %5en babesa nahikoa izango dute.